Gazte euskaltzaleek, euskalgintzako hainbat norbanakok eta eragilek euskararen eta euskaldunen aurkako oldarraldia salatu dute

Gazte Euskaltzaleen Sareak, euskalgintzako hainbat norbanako eta beste gizarte eragileekin batera, prentsaurreko bat eman du gaur, Donostian, euskaldunen aurkako azken erasoak salatzeko eta herri erantzun sendo baterako deia egiteko.

Orain dela ia urtebete Gazte Euskaltzaleon Sarea plaza publikora atera zen, Euskara Aurrera manifestaziorako deia eginez.

Orduan Gazte Euskaltzaleen Sarea kezkatuta azaldu zen euskararen egoerarekin, euskaraz bizi nahi dutenen egoerarekin. “Kezkagarritzat jo genituen euskararen aurka hartu ziren erabaki judizialak, euskarak pantailetan zuen presentzia murritza, eta euskaraz ikasteko eskubidea behin eta berriz urratzea. Eta gure belaunaldiren bizipenetatik eta ikuspegitik, egoera horri erantzun beharra ikusi genuen”.

Hala, egoerari aurre egiteko herri bultzada berri baten beharra adierazi, eta maiatzaren 21ean, Donostian manifestazioa egin zuten. Milaka herritar bildu ziren bertan.

Mobilizazioak utzitako poza eta ilusioa lagun, urtebete honetan ez dira geldirik egon. “Herri, auzo eta ikastetxeetan Gazte Euskaltzaleon Sarea zabaltzen eta gazteok euskaraz bizitzeko eskubidearen aldeko borrokan eragile aktibo izan beharra aldarrikatzen aritu gara”.

Horren emaitza da, besteak beste, Ikama eta unibertsitateetako euskara taldeekin batera, euskara eta euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko martxoaren 23ko mobilizazioa. “Zoritxarrez, ordea, besta batzuk ere mugitu izan dira eta mugitzen jarraitzen dute. Orain dela ia urtebete aipatzen genuen euskaraz bizi nahi dugunon aurkako oldarraldi politiko, juridiko eta mediatikoak ez du etenik izan denbora honetan guztian. Badirudi, herritarrok gehiegi aztoratu gabe, noraino hel daitezkeen neurria hartu nahian dabiltzala”.

Adierazi dutenez, “horrela, oldarraldi horrek gogor kolpatu du euskara azken urteotan, bai euskaldunon hizkuntza-eskubideen urraketak ahalbidetuko dituzten epaien bidez, bai eta urraketa horiek justifikatzeko diskurtsoen bidez ere. Ustez, gure belaunaldiak gainditutzat zituen diskurtso eta jarrera euskarafoboak eguneroko ogi bihurtzen ari zaizkigu”.

Uliazpiko azkeneko epaiak marra gorri guztiak gainditu dituela nabarmendu dute. Bertako langileen aurkako eta, batez ere, herritar zaurgarrienen euskaraz bizitzeko eskubidearen aurkako eraso zuzena izan dela diote. Baina ez hori bakarrik, “euskararen normalizazioa aurrera eramateko dauzkagun oinarri juridiko ahulak eta ez nahikoak hankaz gora bota nahi dituzte”, adierazi dute.

Epaile eta magistratuak hizkuntza-politika erreakzionarioak garatzen ari direla ere aipatu dute, eta “hizkuntza-politikak garatzeko gure herriak (aurreko belaunaldiek) eskuratutako eskuduntzen aurka eraso zuzenak egiten. Konstituzioa esku artean hartuta, hizkuntza- politikaren inguruko azkeneko hitza nork duen erakutsi nahian dabiltzala dirudi”.

Euskaraz bizi nahi dutenak noraino hel daitezkeen eta noraino ez mailuka erakutsi nahi dizkiete. “Eta jada ezin dugu beste aldera begira geratu. Epaitegietatik garatzen ari diren gurutzada bidegabe horri planto egin eta nahikoa dela esateko garaia da”.

Euskara aurrera deialdia zabaldu zutenean, “demokraziaren eta justiziaren alde guztiok bat eginda kaleak hartzeko deia egin genuen. Argi dago gazteok soilik ezin diogula aurre egin oldarraldi horri. Erantzun bateratu bat, herri erantzun bat eskatzen du horrek”.

Martxoaren 23an hezkuntza euskaldunaren aldeko mobilizazioan kaleak bete behar dituztela azpimarratu dute. “Gazteok, ikasleok, irakasleek, langileek, euskaltzaleek, gurasoek, zuk. Euskara aurrera eraman nahi dugun testuinguruan kokatzen dugu hilabete hauetan guztietan bizitzen ari garen erasoaldia. Martxoaren 23ko mobilizazioak erantzun herritar bat behar dute izan, gure hezkuntza, gure etorkizuna eta gure eskubideak direlako jokoan daudenak”.

Gizarte eragileei, eragile sindikalei, eragile politiko eta instituzionalei dei egin diete erasoaren neurriko erantzuna emateko urratsak eman ditzaten. “Guztion artean, euskaraz bizitzeko eskubidea babesteko herri erantzun sendoa eman dezagun, eta eskubide hori egikaritzeko, guztion artean, neurri aurrerakoiak bultza ditzagun. Euskaraz biziko zen belaunaldia izango ginen esperantza jarri zen gugan. Aldiz, gugan jarritako esperantzei ezin erantzun, euskaraz bizi nahiaren mugak eta ezinak sufritzen ari garen belaunaldia bilakatu gara. Denon ardura da ezintasun hori ondorengoek sufritu beharrik ez izatea. Badakigu bidean oztopoak izango ditugula, baina bidea urratzeko erabakia hartua dugu”.

Zabaldu: