Parte hartu nahi dutenek martxoaren 1era arte izango dute lanak aurkezteko epea zabalik. Horretarako, Gasteizko Udalaren webgunean dauden formularioak bete beharko dira.
Gazte Hitzak ipuin eta nanoipuinen lehiaketa lanak aurkezteko epea zabalik da Gasteizen. Aurtengo edizioko baldintzetako bat testuan ‘azala’ hitza sartzea izango da.
Egitasmoa 12 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta proposamenak martxoaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dira. Lehiaketa Sortzen gazte-sorkuntzako programaren barruan dago.
Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak azaldu duenez, “Gazte Hitzak gazteek kultura-sorkuntza bultzatzeko adibide garbia da, baina idazketa eta irakurketa (oro har) indartzeko helburua ere badu. Hain zuzen ere, bi diziplina horiek funtsezkoak dira norbanakoaren hazkundean eta pentsamendu kritikoaren garapenean”.
Ana Lopez de Uralde Gazteria zinegotziak, bere aldetik, parte hartzeko deia egin du, “Lehiaketa honek literatura arloko sormena bultzatzeaz gain, diziplinen arteko topaketa eta talde-lana ere sustatzen ditu. Aukera bikaina da talentu gazteak ikusgarritasuna irabazteko eta Gasteizko bizitza kulturalaren parte aktibo bihurtzeko”.
Kategoriak eta sariak
Adinaren arabera bi kategoria daude: “12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako nanoipuinen kategoria bi taldetan banatuko da: 12 eta 15 urte bitartekoak eta 16 eta 18 urte bitartekoak. Testuek ezin izango dituzte 300 karaktere baino gehiago izan (espazioak eta zeinu ortografiko guztiak barne). 18 eta 30 urte bitarteko pertsonei zuzendutako ipuinen kategoria bi talde hauetan egituratutako da: 18-24 urtekoak eta 25-30 urte bitartekoak, eta gutxienez 1.000 eta gehienez 1.500 hitzeko muga egongo da lan bakoitzerako”, zehaztu dute antolatzaileek.
Aurkeztutako lan guztietatik zortzi lan sarituko dira, adin-tarte eta hizkuntza bakoitzeko bana. Hautatutako testu guztiak, gainera, Arte eta Diseinuko Goi Eskolako (IDarte) ikasleek ilustratuko dituzte: “Gasteizko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolak (IDarte) bat egin du Gazte Hitzak egitasmoarekin, literatur sormenari bere alderdi bisuala gehitzeko. Ilustrazio Zikloko ikasleentzat aukera bikaina da lan profesionala entseatzeko”, adierazi du Aitor Larrañaga IDarteko Zikloen Oinarrien Saileko buruak.
Irabazleek 100 eta 250 euro arteko saria eta 75 euroko balioa duten txartelak jasoko dituzte, Gasteizko liburu-denda batean trukatzeko. Gainera, ipuinen sailean Oihana Arana idazle eta bertsolariaren eta Mikel Ayllon idazle eta antzerkigilearen mentoretza jasoko dute irabazleek, idazle hauek ere epaimahaia osatuko dutelarik.
Era berean, aurtengo berritasun gisa, nanoipuinen ataleko irabazleak Itziar Uriarte idazleak emandako idazketa sortzaileko tailer batera joan ahal izango dira.
Epaimahaiaren erabakia martxoaren 24an jakinaraziko da Gasteizko Udalaren webgunean. Sari-banaketa maiatzaren 30ean, larunbata, egingo da Montehermoso Kulturunean, eta bertan testu irabazleak, epaimahaiak hautatutakoak eta IDarteko ikasleek egindako ilustrazioak egongo dira ikusgai.
Lanak aurkezteko epea
Parte hartu nahi dutenek martxoaren 1era arte izango dute lanak aurkezteko aukera. Horretarako, Gasteizko Udalaren webgunean dauden formularioak bete beharko dira.