Laura Garcia, Jose Martinez, Ania Rio eta Patricia Laisekaren lanak egongo dira Amarika aretoan ikusgai ekainaren 26ra arte.
Tetrapack 2022 izeneko erakusketak Gasteizko Udalak Arabako Foru Aldundiarekin elkarlanean antolatutako argazki eta bideo digitalen Gazte Klik Klak lehiaketan aukeratutako lan artistiko onenak biltzen ditu. Ekimenaren helburua da bertako sortzaile gazteen sormen artistikoa bultzatzea eta ikusgai jartzea.
Antolatzaileek azaldu dutenez, lehiaketan aukeratutako pertsonek jasotzen duten “saria” ez da ekonomikoa. “Alde batetik, argazkigintzan, sorkuntza-bideoan eta arte plastikoetan esperientzia zabala duten profesionalek eskainitako prestakuntza-prozesua eskaintzen zaie. Eta, bestetik, laguntza ematen zaie sormen-prozesuan eta, amaitzeko, erakusketa honetan jartzen dituzte lan horiek ikusgai”.
Gazteria arloko zinegotzi Miren Fernandez de Landak adierazi duenez, “ilusio handia egiten digu Gasteizen zuek bezalako jendea izatea: gazte konprometituak eta sortzaileak”. Bestalde, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol arloetako foru-diputatu Ana del Valek azaldu duen moduan, “Aldunditik argi daukagu kultura indartu, bultzatu, balioetsi eta zabaltzearen garrantzia, hainbat adierazpide sustatuz, bereziki sortzaile gazteak azpimarratuz”.
Gazte Klik Klak 2021 ekimenaren eta Tetrapack 2021 erakusketaren komisarioa Zas Kulturreko Jorge Salvadorren eta Nuria Perez-Carcamoren taldea izan da.