(argazkia: Gasteizko Udala)

Gazte Sortzaileak bekaren 2022ko deialdia martxan

17 eta 35 urte arteko gazteen sorkuntza onenei aholkularitza profesionala eta 4.000 euroko saria emango dira. Epea uztailaren 15era arte egongo da zabalik.

Gazte Sortzaileak beka deialdiak gazteek gazteentzat sortutako jardueren bidez euskarazko programazio kulturalean eragina izatea du helburu, eta ahozkotasunean oinarritutako sorkuntza sustatu nahi du bereziki. Era berean, gazteek sormena garatzeko aukera emango dieten espazioak izan ditzaten lan egiten du.

Beka 17 eta 35 urte arteko Arabako gazteei zuzenduta dago eta, adinaren arabera, bi kategoria daude. Ideia artistikoa duen edozein gazteri forma eman diezaion eta taulara dezan laguntzea da helburua. Ideia gauzatzeko, 4.000 euro arteko laguntza eskaintzen da eta, horrez gain, lan egin beharreko eremuko profesional baten tutoretza izateko aukera.

Programa prentsaurrekoan aurkeztu dute, eta bertan izan dira Iñaki Gurtubai alkateordea eta Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiko zuzendari Lexuri Ugarte. Euskara zinegotziak gonbidapena egin die “Arabako sortzaile guztiei proiektuak aurkez ditzaten; proiektuak ikus-entzunezko eremuarekin, antzerkiarekin, musikarekin, bertsolaritzarekin, bakarrizketekin, poesiarekin edo performanceekin lotuta egon daitezke”. Lexuri Ugartek, bestalde, “Araban, euskaraz sortu, euskal kulturari hauspoa eman eta gazteria eta kultura binomioa aldarrikatzeko aukera polita da Gazte sortzaileak beka”, esan du.

Ekitaldian izan dira 2021eko edizioan aukeratutako artistak ere: Iker Agirre, Alejandra Bueno, Aitor Vinagret eta Aitor Anda; beren proiektuak ezagutarazteko aukera izan dute guztiek. Ikus-entzunezko Goizetik Neke (Iker Agirre), Plazak Plazara! (Aitor Anda) eta Ezohikoak (Alejandra Bueno) piezak eta Kokito eta India (Aitor Martinez Vinagret) ikuskizuna, hain zuzen ere. Gainera, Aitor Alvarezek (aurreko edizio batean aukeratutako beste bat) egindako bideo bat erakusteko aukera aprobetxatu dute, Gazte Sortzaileak ekimenaren funtsa oso ondo jasotzen baitu.

Lanak aurkezteko epea 2022ko uztailaren 15era arte egongo da zabalik, eta Gasteizko Udaleko Erregistro Orokorrean —Teodoro Dublang Margolariaren kaleko 25.ean— edo gizarte-etxeetako herritarren arretarako bulegoetan edo Udalaren egoitza elektronikoan aurkeztu ahal izango dira. 2015etik, Arabako 26 gaztek sustatu dituzte mota bateko edo besteko beren proiektu artistikoak beka hau baliatuta.

Zabaldu: