Gazte Sortzaileak bekaren 2024ko deialdia martxan da Gasteizen

16 eta 35 urte arteko gazteen sorkuntza onenek aholkularitza profesionala eta 4.000 euroko saria jasoko dute. Lanak bidaltzeko epea uztailaren 15era arte egongo da zabalik.

Gazte Sortzaileak beka deialdiak gazteek gazteentzat sortutako jardueren bidez euskarazko programazio kulturalean eragina izatea du helburu, eta ahozkotasunean oinarritutako sorkuntza sustatu nahi du bereziki. Era berean, gazteek sormena garatzeko aukera emango dieten espazioak izan ditzaten lan egiten du. “Bekaren edizio berri honekin, Udalak euskararen erabilera sustatzeko duen konpromisoa erakutsi nahi dugu. Izan ere, azken hamar urteotan, 30 gazte baino gehiago baitira beren kultur proiektuak garatzeko eta prozesu horretan ikasteko aukera izan dutenak”, adierazi du Maria Nanclares Euskara zinegotziak.

Beka 16 eta 35 urte arteko Arabako gazteei zuzenduta dago. Hautatutako pertsonek 4.000 euro arteko diru-laguntza izango dute eta sorkuntza-prozesu osoan alboan izango dituzten profesionalen aholkularitza jasoko dute. Beka onartzen dutenetik 6 hilabeteko epea izango dute proiektua gauzatzeko. Tarte horretan, Udaleko Euskara eta Gazteria zerbitzuek egingo dute proiektuen jarraipena.

Bi kategoria daude, eskatzailearen adinaren arabera. Bata 16 eta 24 urte bitartekoentzat eta bestea 25 eta 35 urte bitartekoentzat. Gazteak banaka edo taldeka aurkeztu ahal izango dira. Proiektuek lotura estua izango dute ahozko adierazpenarekin, eta euskarazko kulturari ekarpena egitea izan behar dute helburu. Hainbat modalitatetakoak izan daitezke, hala nola antzerkia, bakarrizketa, poesia, musika, bertsolaritza, ikus-entzunezkoak… baita genero bat baino gehiago uztartzen dituena ere. Bestalde, formatu txikiko jarduerei emango zaie lehentasuna.

Interesdunek uztailaren 15era arteko epea izango dute lanak aurkezteko. Horretarako, Gasteizen edo Arabako Lurralde Historikoan erroldatuta egon beharko dira. Lanak Gasteizko San Martineko bulego teknikoetan (erregistro orokorrean), gizarte-etxeetako herritarrei laguntzeko bulegoetan edo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu ahalko dira.

18 urtetik beherakoek legezko tutorearen baimena aurkeztu beharko dute.

2023ko edizioa

Iazko beka irabazi zutenek laster aurkeztuko dituzte beren proiektuak jendaurrean. Apirilean Aitziber Jimenez de Aberasturiren Ogi beltza podcasta entzun ahalko da. Mitxel Elortzak maiatzaren 15etik aurrera argitaratuko du Aneren abenturak mahai-jokoa. Marta Berganzok Gure Kutxa antzezlana estreinatuko du ekainaren 29an Salburua gizarte etxean eta Nefer Olaizolak, azkenik, bere performancea aurkeztuko du irailaren 15ean Labe Gazte Laborategian, San Bizente Paulekoaren kaleko  21. zenbakian.

Zabaldu: