‘Kutxatu Gasteiz’, ‘Bizitza baten koplak’, ‘Garun Null’, ‘Akerra Marioker’ eta ‘Doluak’ izan ziren Gazte Sortzaileak bekarako iazko proiektu aukeratuak (argazkia: Gasteizko Udala)

Gazte Sortzaileak bekaren 2026ko deialdia martxan da Gasteizen

16 eta 35 urte arteko gazteen sorkuntza onenek aholkularitza profesionala eta 4.000 euroko saria jasoko dute. Lanak bidaltzeko epea ekainaren 30era arte egongo da zabalik.

Gazte Sortzaileak beka deialdiak gazteek gazteentzat sortutako jardueren bidez euskarazko programazio kulturalean eragina izatea du helburu, eta ahozkotasunean oinarritutako sorkuntza sustatu nahi du bereziki. Era berean, gazteek sormena garatzeko aukera emango dieten espazioak izan ditzaten lan egiten du.

Beka 16 eta 35 urte arteko Arabako gazteei zuzenduta dago. Hautatutako pertsonek 4.000 euro arteko diru-laguntza izango dute eta sorkuntza-prozesu osoan alboan izango dituzten profesionalen aholkularitza jasoko dute. Beka onartzen dutenetik 6 hilabeteko epea izango dute proiektua gauzatzeko. Tarte horretan, Udaleko Euskara eta Gazteria zerbitzuek egingo dute proiektuen jarraipena.

Bi kategoria daude, eskatzailearen adinaren arabera. Bata 16 eta 24 urte bitartekoentzat eta bestea 25 eta 35 urte bitartekoentzat. Gazteak banaka edo taldeka aurkeztu ahal izango dira. Proiektuek lotura estua izango dute ahozko adierazpenarekin, eta euskarazko kulturari ekarpena egitea izan behar dute helburu. Hainbat modalitatetakoak izan daitezke, hala nola antzerkia, bakarrizketa, poesia, musika, bertsolaritza, ikus-entzunezkoak… baita genero bat baino gehiago uztartzen dituena ere. Bestalde, formatu txikiko jarduerei emango zaie lehentasuna.

Interesdunek ekainaren 30era arteko epea izango dute lanak aurkezteko. Horretarako, Gasteizen edo Arabako Lurralde Historikoan erroldatuta egon beharko dira. Lanak Gasteizko San Martineko bulego teknikoetan (erregistro orokorrean), gizarte-etxeetako herritarrei laguntzeko bulegoetan edo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu ahalko dira.

18 urtetik beherakoek legezko tutorearen baimena aurkeztu beharko dute.

Zabaldu:

Utzi erantzuna