Gazteak modu dibertigarri eta didaktiko batean euskarara hurbiltzeko unitate didaktikoak aurkeztu dituzte

Kike Amonarrizek diseinatutako lan honetan umorea da ardatz nagusia.

Gazteak modu dibertigarri eta didaktiko batean euskarara hurbiltzeko asmoz, Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak Hizkuntzarekin jolasean izeneko tresna berria aurkeztu du. Interneten jarri dituzte unitate didaktikoak eskuragai, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleei zuzenduta. Kike Amonarrizek sortu du tresna berria eta beste adin batzuetako neska-mutilentzat ere balio dezakela nabarmendu du.

Hiru unitate didaktikotan bildu dituzte eduki guztiak, bakoitzean bi sekuentzia nagusi bereizi dituztelarik. “Metodologia hau erabiliz, ikasleak erronka baten aurrean jarriko ditugu unitate, eta kooperazioan lan eginez, proposatutako erronkari heldu beharko diote”, azaldu dute egitasmoaren bultzatzaileek. Hala, ikasketa esanguratsuak lortuko direla gaineratu dute eta ikaslea ikaste/irakaste prozesuaren erdigunean jarriko da.

Unitate bakoitza bestalde, hiru fasetan banatzen da: hasiera fasea, garapen fasea eta amaiera fasea. Unitate bakoitzeko garapen fasean egingo den lanketa, berriz, bi sekuentziatan antolatuta dago. Unitate bakoitzak bere helburu komunikatiboa izango du.

Azaldu dutenez, gazteen artean ezagunak diren pertsonak agertzen dira unitate didaktikoetako jardueretan. Unitate bakoitzaren hasieran, Antton Telleria telebistako eta irratiko aurkezleak ematen ditu azalpen nagusiak. Jarduerak egiteko berriz, Idoia Torrealdaik eta Iker Galartzak, besteak beste, aholkuak ematen dituzte.

Material hau sortzera bultzatu dituzten arrazoien artean daude, hasteko, umorea eta hitz-jokoak oinarri dituen material pedagogiko gutxi dagoela hizkuntzak ikasteko. Alde horretatik, “interesgarria iruditu zaigu Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei begira ahozkotasuna, hizkuntza-sorkuntza, hizkuntzarekiko atxikimendua eta adierazkortasuna lantzeko hitz-jokoetan eta umorean oinarrituriko material didaktiko osagarria lantzea”. Kontuan izan behar da, bestalde, Heziberri 2020 Planaren hezkuntza-eredu pedagogikoaren planteamendua elebitasuna sendotzea dela, hezkuntza-marko eleaniztun baten barruan, betiere euskarari lehentasuna emanez, erabilera sozialean duen desoreka konpentsatzeko. Eta material honek bat egiten du helburu horrekin.

Horretarako, beste batzuen artean, alderdi hauek jorratuko dituzte: umorea lantzeko mekanismoak, txisteak nola sortu, kontaketaren oinarriak eta  hitz-jolasak, besteak beste.

Zabaldu: