(argazkia: Euskaltzaindia)

Gazteek egiten duten antzerkiari erreparatuko dio Bilboko Lautan Hiru antzerki jaialdiak

Zazpigarren edizioa lau ostegunetan egingo da (otsailaren 6an, 13an, 20an eta 27an), eta guztira zortzi ekitaldi eskainiko dira.

Aurten ere indartsu dator Lautan Hiru antzerki-jaialdia. Urtero legez, Bilboko Zazpikaleetako euskal giroa suspertu nahi dute antolatzaileek, eta, bide batez, euskal antzerkilariei plaza berriak eskaini beraien lanak erakuts ditzaten. Aurreko aldietan bezala, lau astez eta ostegunetan egingo da ekimena: guztira zortzi ekitaldi eskainiko dira, eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin (EHAZE) batera antolatutako Ikusle-klubari ere eutsiko zaio.

Hala, otsailaren 6an, 13an, 20an eta 27an egingo da Euskaltzaindiak, Tartean Teatroak, Bira Kulturguneak eta 7Katu gaztetxeak antolatu duten jaialdia. Eszenatokiei dagokienez, sei lekutan programatuko dira lanak: La Sinsorga, Kalderapeko, Bira, Cafe Bar Bilbao, 7Katu eta Euskaltzaindiaren egoitza.

Aurten, gazteek egiten duten antzerkiari erreparatuko dio Lautan Hiruk, Gazte gara gazte eta ez dugu (zuen) antzerkia maite lelo zirikatzailea baliatuz. Bestalde, aldi honetan lau estreinaldi izango dira: XXII. Cafe Bar Bilbao-Tartean sarietako testu saridunarekin eginiko irakurketa dramatizatua; 2024ko Lautan Hiru laguntza eskuratu zuen Alferrak, tunanteak, maleanteak ikuskizuna; 7Katu gaztetxearekin batera egindako Errealitatearen harribitxiak pieza; eta Jokin Oregik zuzendutako Arima eta Bihotza (Lezoko Antzerki Testu Laburren II. Lehiaketan lehen saria).

Aurten jaialdiak mugarri berria ezarri duela azpimarratu du  Andres Urrutia euskaltzainburuak, “lau ikuskizun sustatu ditugu, beraz, antzerkilariei plaza berriak eskaintzeaz gain, Bilboko Zazpikaleetan euskal giroa zabaltzeaz gain, euskarazko antzezlanak ekoizten lagundu dugu, eta hori pozgarria da benetan.

Ikusle kluba

Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearekin (EHAZE) batera, 2022an Ikusle kluba antolatu zen estreinakoz. Aurten ere esperientzia hori errepikatuko da, eta ikusleek antzerkilariekin hitz egiteko aukera izango dute. Nola? Jardunaldi bakoitzeko azken ikuskizuna amaitu ostean, antzezleekin edo zuzendariekin berba egiteko aukera izango da, EHAZEko kideek gidatutako solasaldian.

Zabaldu:

Utzi erantzuna