(argazkia: UEMA)

Gazteek hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egiteko abian da ‘Arnasetik’ bideosormen lehiaketa

Lanak aurkezteko epea urriaren 24an amaituko da, eta azaroaren 22an izango da sariak banatzeko ekitaldia Zarautzen.

Iazko edizio arrakastatsuaren ondoren, Arnasa Gara ekimenak Arnasetik bideosormen lehiaketaren bigarren edizioa antolatu du. Lehiaketa hau euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta haien egitekoa izango da euskarari lotutako istorioak kontatzea. Lehiakideen sormena pizteaz gain, lehiaketaren helburua ere bada arnasguneetako gazteen hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eragitea. Arnasa Gara UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmenduz. Arnasetik lehiaketa euskararen arnasguneetako ikastetxeetako ikasleei zein arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleei zuzenduta dago.

Lehiaketan parte hartuko duten gazteek lanak banaka edo taldeka, lagunartean edo ikaskideekin batera, garatu ahal izango dituzte, nahi duten moduan.

Arnasetik 10-16 urteko gazteei zuzenduta dagoen arren, adinaren arabera hiru kategoria zehaztu dira, kategoria bakoitzean aurkeztu beharreko lanak ezberdinak izanik. LH 5. eta 6. mailako ikasleek beraien herriak nolakoak diren azaldu beharko dute, bertan zer egin daitekeen eta, garrantzitsuena, euskara maila hobetzeko zergatik diren egokiak azalduz. Euskara ikasi nahi duen norbaitentzat zergatik den egokia herri hori, alegia.

Promozio-bideo baten bitartez edo formatu librean (marrazki, olerki, bertso, bideo, abesti…) aurkeztu ahal izango dira kategoria horretako lanak. Arnasgune gehienak udalerri txikiak direla kontuan izanda, horiek ezagutarazteko ariketa interesgarria izango dela diote antolatzaileek.

DBHko 1. eta 2. mailako ikasleei dagokienez, beraien herrietako esamolde berezienak eta beraien esanahia azaldu beharko dute umorezko bideo baten bitartez. “Arnasguneetako hizkera bizia balioan jartzeko ariketa da hau, euskararen aniztasuna agerian utzi nahi duena”.

Azkenik, DBHko 3. eta 4. mailako ikasleek bideo bat sortu beharko dute, euskal kultura, musika eta ekimenak balioan jarriz. Zergatik gustatzen zaien idazle, bertsolari, musikari edo aktoreren bat, libururen bat, musika talderen bat, antzezlan bat, euskarazko film eta telesailen bat, eta antzekoak nabarmenduz.

Kategoria bakoitzerako bideo ereduak zein lehiaketaren oinarri guztiak www.arnasagara.eus webgunean daude ikusgai.

Kategoria bakoitzak 500 euroko sari baliokide bat izango du, eta publikoaren saria ere banatuko da, guztira 2.000 euro banatuz. 500 euroko sari baliokide bakoitza Irrisarri Land-en, Durangoko Azokako denda birtualean edo EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean trukatu ahal izango da.

Lanak aurkezteko epea urriaren 24an amaituko da, eta azaroaren 22an izango da sariak banatzeko ekitaldia

Azaroaren 22an izango da lehiaketaren sari banaketa ekitaldia, Zarauzko Modelo aretoan.

Zabaldu: