Gazteek beraien sormen lanak urriaren 31ra arte bidaltzeko aukera izango dute.
Laugarren urtez jarraian, UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak batera sustatutako Arnasa Gara proiektuak Arnasetik lehiaketa jarri du abian. Lehiaketa hau euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta haien egitekoa euskarari lotutako istorioak kontatzea izango da bi minutuko ikus-entzuneko lanen bidez, eskatutako erronkari erantzunez.
Egitasmoak euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmenduz. Iaz 260 lan jaso zituzten eta 4.200 bozkatik gora.
Hiru kategoria adinaren arabera
Aurreko urteetan bezala, lehiaketa aurten ere hiru kategoriatan banatuko da, adinaren arabera. Kategoria bakoitzean erronka zehatz bati erantzuna emateko bideoak aurkeztu beharko dituzte gazteek.
LH 5. eta 6. mailako ikasleek, esaterako, gurasoek eta aitona-amonek herrian esaten zituzten esamoldeak bilatu eta gaur egungo baliokideak aurkitu edo asmatu beharko dituzte.
DBH 1. eta 2. mailetako ikasleak arnasgune batean bizitzeko casting batera aurkeztuko dira, eta ia dena euskaraz egin daitekeen herri batean bizitzeko arrazoi nagusiak azaldu beharko dituzte.
Azkenik, DBH 3. eta 4. mailetako ikasleek pentsatu beharko dute beraien herria utzi behar izanez gero zeren falta sumatuko luketen.
Kategoria bakoitzak 500 euroko bonua jasoko du, eta kopuru bera jasoko dute publikoaren sarian gailentzen direnek ere. Bonuak honakoetan erabili ahal izango dituzte, nahi duten moduan: IrisarriLand-en, Durangoko Azokan, Goazen! eta Irabazi arte! telesailen EITBren merchandisingean, Gure Zirkuan, eta abar. Gazteek beraien sormen lanak urriaren 31ra arte bidaltzeko aukera izango dute eta publikoak azaroaren 5etik 15era izango du epea bozka emateko arnasagara.eus webgunean.
Sari banaketa
Lehiaketaren sari banaketa Leitzako Herri Aretoan izango da, azaroaren 27an. Kategoria bakoitzeko irabazleen lanak proiektatu eta sariak banatuko dira ekitaldian.