(argazkia: Vital Fundazioa)

GazteFilm Fest jaialdiak 100 emanaldi baino gehiago eskainiko ditu, Gasteizen

Haur eta gazteentzako jaialdia azaroaren 19tik 21era eta azaroaren 26tik 28ra egingo da.

Haur eta gazteentzako GazteFilm Fest zinema jaialdia egingo da aurten ere Gasteizen. Bosgarren edizioa izango da eta azaroaren 19tik 28ra bitartean izango da, Zinhezba eta KalakaLab kultur elkarteen eta Vital Fundazioaren eskutik. Emanaldiak hiriko hainbat auzotara iritsiko dira: Vital Fundazioa Kulturunea, Artium, Zabalgana Gizarte Etxea, Montehermoso, Baratza Aretoa, Sama eta Satelite taberna.

Hala, haurrak eta gazteak protagonista izango dira jardunaldi guztietan. Izan ere, antolatutako programazioak 100 emanaldi baino gehiago izango ditu publiko gazteenera bideratuta, eta zirkuitu komertzialetan erakusten ez diren filmen aukeraketa bat erakutsiko da, besteak beste, identitatea, kidetza, adiskidetasuna, feminismoa, gazteen abortua eta zoriontasuna ardatz hartuta.

Jaialdia bi asteburutan banatuko da. Hilaren 19an, 20an eta 21ean haurrentzako atala egingo da, eta 26an, 27an eta 28an gazteentzakoa. Aurtengo edizioan mundu osoko 1.700 film labur eta luzeen artean hautatutako ehun emanaldi baino gehiago eskainiko dira.

Emanaldiak

Jaialdia sei sail ofizialez eta hiru erakusketa atalez osatuta egongo da, eta publikoak, bere botoekin, GazteFilm Fest saria emango die horietako bakoitzeko film labur eta luze onenei.

Umeentzako sail ofizialean (6 urtetik aurrera), Linda Hambäcken Apstjärnan film luzea emango da, adopzioaren gaia oso ikuspuntu harrigarritik jorratzen duena; Anne-Lise Koehleren eta Éric Serren Bonjour Le Monde!, animaliei eta haien berezitasunei buruzko fikziozko dokumentala; Susanne Finkenen Zu weit Weg, adiskidetasunari buruzko film dibertigarria; eta, azkenik, Jonh Sheedyren H is for Happiness, neska alai eta baikor batek munduan egoteko duen era berezia kontatzen duena.

Gazteentzako atalean (12 urtetik aurrera), berriz, Katerina Gornostairen Stop-Zemlia ikusteko aukera izango da, protagonistak helduarora egiten duen bidaia pertsonalean barneratzen dena; Fanny Liatard eta Jeremy Trouilhen Gagarine, bere etxea eraispenetik defendatzeko Yuri gaztearen borroka; Camila saldra esta noche, protagonistaren aktibismo feministaren iratzartzea jasotzen duen film argentinarra; eta Suzanne Lindonen Spring Blossom, lehen amodioei buruzko film luzea.

Sail ofizialeko film laburren programek 30 lan gehiago izango dituzte aurten, lau multzotan banatuta, adinaren arabera .

Halaber, talentu berriak deskubritzeko bi atal berezi ere izango dira: Umeek egindako zinema, eta aurtengo nobedadea, Gazteek egindako zinema estreinatuko da, parte hartzaileek planetaren luze-zabalean zinemagintzan eman dituzten lehen urratsak ezagutzeko aukera emango duena.

Sail ofizialaz gain, GazteFilm Festek erakusketarako hainbat film eskainiko ditu. Urtero bezala, 3 urtetik aurrerako neska-mutilentzako Txiki atalean, Inconfundibles izeneko film laburren programa bat eta El libro de Lila film luzea izango dira. Film hori ekoizpen kolonbiar-uruguaiarra da, eta bere mundutik kanpo harrapatutako ipuineko pertsonaia bati buruzko animaziozko film maitagarria da.

Erakusketa atala osatzeko, umeentzako saileko hainbat film izango dira ikusgai: Clemence Madeleine-Perdrillat eta Nathaniel H’limiren La vie de Chateau, anaitasunari eta maitasunari buruzko film laburra; eta Joann Sfarren Le petite vampire, munstro talde batekin bizi den banpiro txiki baten abenturak kontatzen dituena.

Gazteentzako sailean, Stefano Cipianiren Mio fratello rincorre i dinosauri italiarra ikusi ahal izango da. Protagonistak ez du onartzen bere anaiak Down sindromea izatea. Horrekin batera, Eliza Hitman zinegilearen Never, rarely, sometimes, always, gazteen abortuari buruzko filma.

Zinema egiteko beste modu batzuk eskaintzen dituzten saio berezietan, honako hauek nabarmentzen dira: Dominique Jonarden Espirales hacia el futuro film labur multzoa, animazioen bidez Mexikoko haur indigenen iruditeria erakusten duena; Zinetika bideodantza jaialdiak proposatutako Historias en movimiento film laburren aukeraketa; edo Periferikoak, bitxikerien programa zaindua.

Bosgarren edizio honetan, Jesus Guridi Musika Kontserbatorioaren laguntza izan dute berriz ere, proiektu berezi batean: GazteFilm Festek Bingen Mendizabal musikagile gasteiztarra gonbidatu zuen jatorrizko soinu-banda bat konposatzera, eta azaroaren 19an, 19:00etan, zine klasikoko emanaldi batean estreinatuko da.

Tailerrak

Programazio tailerrean jaialdiaren programazioa erabakiko duten ikastetxeek hartuko dute parte, eta Bikoizketa tailerrean jaialdian emango diren filmak bikoizteko egiten da lan, horietako batzuen kasuan zuzeneko bikoizketa saioak ere egiten dira.

Aurten, gainera, Mugatik Korrespondentzia izeneko tailer parte-hartzaile eta trukekoa egingo da, eta Mel Arranz artistarekin Gira biran, zine zinetikoa izeneko tailer irekia. Bertan, 9 eta 13 urte bitarteko haurrek film labur bat egingo dute jaialdiko egunetan.

Emanaldietarako sarrerek 3 euroko prezioa izango dute eta www.gaztefilmfest.com webgunean eros daitezke edo jaialdiaren egoitzan emanaldi bakoitza hasi baino 30 minutu lehenago.

Zabaldu: