(argazkia: Ikastolen Elkartea)

‘Gaztelugatxeko itsaslamina’ lanak irabazi du Euskal Herriko Ikastolen Komiki Lehiaketa

Larzabaleko Manex Erdozaintzi Ikastolako ikasle Leixa Urmeneta Madariagaren Bakearen harria komikia izan da bigarrena lehiaketa honetan.

Trapagarango Itxaropena Ikastolako Bera Arroyo, Ane Figuero eta June Abarrategi ikasleak dira Gaztelugatxeko itsaslamina komikiaren egileak eta Euskal Herriko Ikastolen Komiki Lehiaketako laugarren edizioko irabazleak. Euren lana ‘Xabiroi’ komiki aldizkarian argitaratuko da urriko zenbakian.

Gaztelugatxeko itsaslamina-k herriko neskato baten eta arrantzale gazte baten arteko maitasun istorio bat kontatzen du. Ekaitz batek arrantzale gaztea betirako itsaso hondora eramango du, eta neskatoa itsaslamina bihurtuko da haren bila joateko. Itxaropena ikastolako ikasleen “komikiaren teknika landua, narrazioa, eta kalitatea” azpimarratu ditu epaimahaiak.

Larzabaleko Manex Erdozaintzi Ikastolako ikasle Leixa Urmeneta Madariagaren Bakearen harria komikia geratu da bigarrena lehiaketan. Epaimahaikideek aipatu dutenez, komikigintzaren baliabideak erabiltzeko moduagatik aukeratu dute, eta baita hizkuntzarengatik ere, komiki gutxitan erabiltzen baita noka.

Beste lau finalistak lan hauek izan dira: Sara eta Balearen abentura Daniela Muñoz eta Eneritz Lopez (Itxaropena Ikastola, Trapagaran); Bermeoko mamuak Maitane Arpon Cadarso, Julia Perez Alonso, Noa Berrio Miras eta Daniel Baptista Gomez (San Bizente Ikastola, Oion); Orioko azken gizakia Saioa Larrea, Ainhize Azkune eta Oihane Aurrekoetxea (San Nikolas Ikastola, Algorta); eta Gaueko bisita. Jone Andiarena (Zangozako ikastola).

Euskaldunak eta itsasoa izan da aurtengo lehiaketarako aukeratutako gaia. 12 eta 16 urte bitarteko ikasleei zuzendutako lehiaketa izan da, eta sari nagusiaz gain, lehiaketan parte hartu duten egile guztien artean tablet bat, Xabiroi komiki aldizkariaren urteko hainbat harpidetza eta urteko hiru bilduma zozketatuko dira.

Joseba Larratxe eta Aritz Trueba ilustratzaile eta komikigileek eta Ikastolen Elkarteko komunikazio taldeko kide Koldo Aldabek osatu dute epaimahaia. Inoiz baino  lan gehiago aurkeztu dira aurtengo Komiki Lehiaketan. Guztira 127 komiki bidali  dituzte hainbat ikastolatako ikasleek, eta horrek lan handiagoa suposatu duen arren, pozik agertu dira epaimahaiko kideak, urterik urte ikasle gazte gehiago animatzen direlako komikigintzan lehenbiziko urratsak egitera. Lan gehienak talde lanean eginikoak izan dira, eta hori ere azpimarratu nahi izan du epaimahaiak, komikigintza bera gero eta gehiago delako talde lana.

Zabaldu: