Azaroaren 15era arte egongo da bideoak bidaltzeko epea zabalik.
Arabako Bertsozale Elkarteak eta Alea hedabideak Araba osoko 14 urtera arteko gaztetxoei zuzendutako bideo-kopla lehiaketaren bosgarren edizioa aurkeztu dute. Gasteizko Udalak antolatzen duen Euskararen Astearen egitarauan txertatuta, Arabaren euskararen erabilera sustatzea du helburu ekimenak.
Modu honetan, bertsolaritza eta teknologia berriak uztartuta, taldeka, Arabako bertsolari gazteek beraien adimena eta sormena erakusteko aukera izango dute, bideo lehiaketa formatuan.
Antolakuntzak azaldu duenez, “parte hartzea oso erraza izango da, hiru eta sei kopla artean osatu beharko ditu talde bakoitzak proposatutako gaia landuta. Hauxe izango da gaia: Zer dago ikusteko zure inguruan. Ondoren bideo bat grabatu beharko da kopla kantatuz, eta azkenik, galdetegiaren bitartez bidali beharko da. Antolakuntzak azpimarratu du ez direla onartuko “emailez, whatsapp bidez edo beste edozein bidetatik jasotako bideoak”. Bidalketa epea azaroaren 15eko 21:00etan amaituko da.
Jasotzen diren lanen artean, bideo-kopla onenaren saria aukeratuko du publikoak, eta, horrekin batera, Aleako eta Arabako Bertsozale Elkarteko epaimahaiek lan bana aukeratuko dute; baliteke ere epaimahaiak aipamen bereziak ematea talde gehiagori.
Sari banaketa
Sari banaketa abenduaren 1ean 12:00etan egingo da, oraindik zehazteko dagoen Gasteizko areto batean. Ekitaldian, irabazleen bertsoak entzun eta sariak banatzeaz gain, saio musikatuaz gozatu ahalko da lurraldeko bertsolarien eskutik.
Ekitaldian parte hartzeko gonbidapenak edo sarrerak aldez aurretik erreserbatu ahal izango dira.