“Gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan” lelopean aurkeztu dute Euskaraldiaren 2. edizioa

2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da eta ahobizi eta belarriprest herritarren ariketaz gain, taldeetan hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera izango dute era guztietako entitateetako kideek.

Donostiako San Telmo museoan aurkeztu da urtebete barru, 2020ko azaroaren 20an, hasiko den Euskaraldiaren bigarren edizioa. Bertan, hurrengo Euskaraldiak izango dituen ezaugarri nagusiak aurkeztu dituzte antolatzaile eta sustatzaileek. Hala, bigarren edizio honetan, ahobizi eta belarriprest herritarren ariketaz gain, taldeetan hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera izango dute era guztietako entitateetako kideek hamabost egunez (lantokietan, enpresetan, administrazio publikoan, herrietako asanbladetan, kultur zein kirol taldeetan… aukera emango die ahobizi eta belarriprestei eremu berrietan inertziak apurtu eta hizkuntza ohitura berriak barneratzeko). Horretarako, Euskaraldian garrantzi berezia hartuko duen kontzeptu berri bat sortu da: arigunea. Euskaraz aritzeko babesgune modura osatutako ariguneak izango dira ariketa sozialean taldean jarduteko aukera emango duten espazioak.

Aurkezpenean azaldu dutenez, oraindik aurrera entitateek Euskaraldian inskribatu eta ariketarako martxan jarriko dituzten ariguneen berri eman dezakete. Izen-emate honekin irekitzen da mota guztietako entitateek Euskaraldiari begira lanketa egiten hasteko aldia.

Bestalde, ekimenaren bigarren edizioaren leloa aurkezteko baliatu dute Euskaraldiaren bultzatzaileek ekitaldia. “Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan” lelopean Euskaraldiaren bigarren edizioak hainbat berritasun izango dituela azpimarratu dute. Lehen edizioaren balorazioan aipatu modura, ibilbide luzeko ekimena izateko sortu zen Euskaraldia eta edizioz edizio urrats berriak ematea da helburua.

Edizio berriak, halaber, iazko dinamika zabaldu eta sakontzea du helburu. Ekimenera ahobizi eta belarriprest gehiago bildu eta rolak ongi lantzea, alegia. Hori horrela, ahobizi eta belarriprest figurak zer diren azaltzen jarraituko da: portaeran dago gakoa, eta ez euskaraz hitz egiteko gaitasunean.

Ariguneak eta entitateak aipatzen badira ere, belarriprest eta ahobiziak izango dira protagonista edizio honetan ere. Horrela, hurrengo urteko ariketan lehen edizioan erabili ziren txapak izango dira elementu garrantzitsu bat eta antolakuntzatik arreta berezia jarriko zaio ahobiziak eta belarriprestak ariketarako prestatzeari.

Ariguneak dituen entitateen kasuan, antolakuntzaren baitako kideen parte hartzea ahalbideratu eta sustatzea izango da entitatearen egiteko nagusia, baita arigune horiek babesteko neurriak hartzea ere. Horregatik azpimarratu da entitateak sustatzaile izatetik funtzio garrantzitsua duten eragileak izatera pasako direla bigarren edizioan.

Zabaldu: