Iazko urte amaieran Suediako Akademiak Nobel saridun izendaturiko Han Kang idazle korearraren Barazkijalea eleberria euskaratu beharko du itzultzaileak. Lanaren euskarazko bertsioa 2025eko amaieran emango du argitara Elkar argitaletxeak.
Gema Lopez Las Heras itzultzaileak aurkezturiko proiektuak irabazi du Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko AEDk eta Elkar Fundazioak Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin antolaturiko Jokin Zaitegi itzulpen-lehiaketa; halaxe erabaki du Xabier Etxeberriak, Joannes Jauregik eta Leire Vargasek osaturiko epaimahaiak, aurkezturiko lan guztien artean hautatuta.
Beraz, iazko urte amaieran Suediako Akademiak Nobel saridun izendaturiko Han Kang idazle korearraren Barazkijalea eleberria euskaratu beharko du itzultzaileak. Lanaren euskarazko bertsioa 2025eko amaieran emango du argitara Elkar argitaletxeak. Itzultzaileak Sora Ryu korear euskaldunaren laguntza izango du jatorrizko hizkuntzaren ezagutza eta itzulpenaren bermea ziurtatzeko.
Ez da azkoitiarrak Zaitegi saria irabazten duen lehen aldia, orain dela bi urte ere eskuratu zuen, eta horri esker Annie Ernaux idazle frantsesaren Emakume izoztua euskaratu zuen.
2002an abiarazi zuten Elkar argitaletxeak eta AEDk Nobel sariduna euskaratzeko Jokin Zaitegi sariketa, eta hauexek izan dira beka horri esker orain arte itzuli diren liburuetako batzuk: Imre Kerteszen Zoririk ez (Urtzi Urrutikoetxea, 2002), Mo Yanen Hori da umorea, maisu! (Maialen Marin eta Aiora Jaka, 2012), Peter Handken Atezainaren larria penalti-Jaurtiketan (Joxe Mari Berasategi, 2019) edota Louise Glücken Basairisa (Garazi Ugalde, 2020), Abdulrazak Gurnah idazle tanzaniar-britainiarraren Paradise (Joxe Mari Berasategi Zurutuza eta Maialen Berasategi Catalan, 2022).