(argazkia: Irekia)

Genero-ikuspegidun kazetaritzak eraman du Berdintasunaren aldeko Emakunde Saria

Pikara aldizkariak, Berria egunkariak eta Lucia Martinez Odriozola kazetari eta irakasleak (hil ondoren) jaso dute saria gaur arratsaldean

Pikara aldizkariak, Berria egunkariak eta Lucia Martinez Odriozola EHUko Informazio Zientzien Fakultateko kazetari eta irakasleak (hil ondoren) jaso dute berdintasunaren aldeko Emakunde saria, genero-ikuspegia duen eta berdintasunarekin konprometituta dagoen komunikazio eta kazetaritzaren alde egindako ekarpenagatik.

Bereziki, Lucia Martinez Odriozolak arlo akademikoari eta kazetaritzari egindako ekarpen aitzindari eta erreferentziala nabarmendu du epaimahaiak, bai eta kazetaritza generalistari eta kazetaritza espezializatuari egindako ekarpena ere. EHUko Informazio Zientzien Fakultateko irakaslea, Genero ikuspegia duen Kazetarien Euskal sarearen sustatzailea eta Pikara Magazineren sortzailea izan zen. Epaimahaiak nabarmendu du, gainera, Emakundeko Begira, Publizitate eta Komunikazio ez-sexistarako Aholku Batzordeko kidea izan zela 2013tik, eta, bertan, bere trebetasuna eta ezagutza eskaini zituela hil zen arte.

Pikara Magazine aldizkaria, bestalde, aldizkari feminista da, eta epaimahaiaren arabera, erreferentziazko gune bihurtu da giza eskubideekiko konpromisoagatik, batez ere berdintasunarekiko konpromisoagatik, emakumeen mugimenduen jardueren dokumentazioarekiko konpromisoagatik, eta emakumeek hedabideetan parte hartzeko, eztabaidatzeko, komunikatzeko trebetasunak hobetzeko eta sare sozialen erabilera deskubritzeko eskaintzen dituen aukerengatik. Era berean, Euskal Herrian komunikazio eta publizitate ez-sexistarako kode deontologikoari eta autorregulazio-kodeari atxikitzeko sarearen parte dira.

Azkenik, Berria egunkariak berdintasunarekin eta feminismoarekin duen konpromisoa nabarmendu du epaimahaiak, genero-ikuspegia erredakzio-lanean eguneroko praktika gisa txertatzen duen kalitatezko informazioaren bidez. Bereziki nabarmentzekoa da indarkeria matxisten tratamenduari egiten dioten ekarpena. Estilo-liburuak egin ditu, berdintasun-planak diseinatu ditu, Emakundek Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde gisa aitortu du, eta Begira Komunikazio eta Publizitate ez Sexisten Kode Deontologikoaren sareko kide da eta BAI Sareako kide ere bai, biak Emakundek sustatuak. Ildo horretan, epaimahaiak nabarmendu du jardunbide egoki horiek guztiak erreferentzialak direla orotariko gainerako komunikabideentzat.

Era berean, sari honen bidez, epaimahaiak aitorpen publikoa luzatu nahi die egunero berdintasunarekiko konpromisoa erakusten duten komunikazioko beste profesional batzuei eta ikuspegi feminista eta genero-ikuspegia txertatzen duen kalitatezko kazetaritza sustatzen lan egiten duten hedabide guztiei.

Zabaldu: