(argazkia: Hamaika Telebista)

“Genozidioari stop!” esango diote martxoaren 17an Donostian egingo den Manifestazio nazionalean

Mobilizazioa 12:30ean abiatuko da Alderdi Ederretik Haizearen Orraziraino. Espaloietatik gertatuko den mobilizazio bat izango dela adierazi dute San Telmo Museoan bildu diren kulturgileek. Ibilbide guzti horretan arte diziplina desberdinetako kide eta artistek euren agerraldiak egingo dituzte, mobilizazioa lagunduz.

Hainbat kulturgilek manifestazio nazionala deitu dute martxoaren 17rako, Donostian. Horretarako Kulturatik Genozidioa Stop kolektiboa sortu dute eta mobilizazioa aurkeztu Donostiako San Telmo Museoan egin duten agerraldian. Bi dira manifestazioa antolatzeko helburuak: alde batetik herri palestinarrari elkartasuna adieraztea eta Palestinaren herriarekiko Genozidioari stop esatea eta amaiera ematea.

“Mobilizazio handi baterako deia egin nahi dugu”, adierazi du Jon Maya dantzariak agerraldian. “Kultur eragile, artista talde bat gara, gizarteko eragile moduan artetik eta kulturatik erantzun bat eman nahi duguna eta, nahiz eta guretikan abiatzen den zalantzarik gabe gizarte osoari dei egiten diogu bat egiteko”.

Mobilizazioa 12:30ean abiatuko da Alderdi Ederretik Haizearen Orraziraino. “Espaloietatik gertatuko den mobilizazio bat izango da, modu berezi batean, ibilbide guzti horretan arte diziplina desberdinetako kide eta artistek euren agerraldiak egingo dituzte, mobilizazioa lagunduz”, azaldu du Mayak.

“Ez dugu ohitu nahi Gazan egunero hamar haurrek baino gehiagok hanka bat edo biak galtzera. Hamar minutuan behin haur bat hil eta zauritzera. Gazako zerrendako eraikin guztien %56 bonbek suntsituak edo kaltetuak izan dira. Ia 30.000 hildako daudenean genozidio batean, zenbat amesgaizto ereiten ditu minak etorkizunean? Zenbakietara ekartzen dugu bizitza, zenbakietara errazago ohitzen garelako zauri irekietara baino. Baina zenbakiek ez dute dena kontatzen”, adierazi du Olatz Salvador musikariak.

Genozidio baten aurrean gaudela adierazi du Salvadorrek, “Apartheid sistematiko baten aurrean. Horregatik eskatzen diegu gure agintari eta politikariei Israelekin dituzten harreman komertzial, militar eta diplomatiko guztiak bertan behera uzteko. «Sarraskiaren aurrean», Europako Batasunari eskatu diogu neurri tinkoak har ditzala «erasotzailea bere oldarraldi basatiari amaiera ematera behartzeko. Behin betiko su etena, okupazioaren amaiera eta gizon-emakume eta haur errugabeen aurkako indarkeria etetea”.

San Telmon egindako agerraldian izan dira Naiara Arnedo, Aitziber Garmendia, Olatz Salvador, Jon Maya, Gorka Otxoa, Eneko Sagardoy, Mireia Gabilondo, Ramon Agirre, Fernando Bernues edota Agurtzane Intxaurraga, besteak beste.

 

Zabaldu: