(argazkia: Euskaltzaindia)

Georges Lacombe euskaltzain osoaren artxibo digitalizatua eskuragarri Euskaltzaindiaren webgunean

Denera 18 funts daude eskuragarri eta 2.000 dokumentu inguru digitalizatu dira. Lacomberen artxiboa Hemen kontsulta daiteke, modu praktiko eta atseginean.

Euskaltzaindiak Georges Lacombe euskaltzain osoaren artxibo digitalizatua jarri du webgunean denon eskura. Guztira 18 funts daude eskuragarri eta 2.000 dokumentu inguru digitalizatu dira, euskararen historia eta Euskal Herriko historia ezagutzeko ezinbestekoak.

Georges Lacombe euskararekin zerikusirik zeukan dokumentu oro biltzen saiatu zen bizitza osoan; horretarako, bere ondasunak erabili zituen oparo. Bereziki, hainbat funts artxibistiko erosi zituen, egileak hil ostean. Ondorioz, esan daiteke XIX. mendeko euskalaritzari buruzko funts nagusietakoa bildu zuela, agian nagusiena, guztiz ezinbestekoa euskal kulturaren historia ezagutzeko. Tartean, “benetako harribitxiak” daudela dio Akademiak. Esaterako, Louis Luciano Bonaparteren gutunak edo Agosti Xahoren Kantutegi ospetsua.

Maite Aristegi Olaso Dorrea Fundazioko patronatu kidea pozik azaldu da agerpenean: “Egun hau zoriontsua da guretzako, fundazioaren sortzaile izan ziren Monzon-Ganuzatarren asmoa osoki betetzen delako. Hain zuzen, Lacombe artxiboa euskal herritarren esku jartzea”. Bide batez, Aristegik gogoratu du nola heldu ziren dokumentuak Olaso Dorrera: “50eko hamarkadan, Lacomberen heriotzaz jabetuta eta bere arreba artxibo eta liburutegia saltzeko prest zegoela jakitean, Telesforo Monzonek eta Josefa Ganuzak ahaleginak eta bi egin zituzten ondare hori Euskal Herrian gera zedin, eta arrebari eskatutakoa ordaindu zioten: kilo bat urre. Ez ziren garai errazak Monzondarrentzat, eta esfortzu handia egin zuten. Baina beraien asmoa betiere ondare hau euskal herritarren esku jartzea izan zen, eta horregatik gaur egun liburuak Euskaltzaindiaren Azkue liburutegian gordetzen dira eta agiritegia Olaso Dorrean. Orain, agiritegia online jarri du Euskaltzaindiak, Olaso Dorrea eta Gipuzkoako Diputazioaren elkarlanari esker”.

Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkariak artxiboaren garrantzia aipatu du agerpenean, baina ez hori bakarrik: “Artxiboaren funts digitalak sarean jarri dira modu praktiko eta atsegin batean, eta hain zuzen hori azpimarratu nahi nuke, erabiltzaileentzat praktikoa eta atsegina baita kontsulta”. Gainera, Urkiak etorkizuneko asmo batzuk aurreratu ditu: hitzaldi-sorta bat antolatzea eta, horrekin batera, erakusketa.

Lacomberen ondarearen jabea Olaso Dorrea da, eta bitan banatu ohi da: biblioteka eta artxiboa. Biak digitalizatuta daude eta Euskaltzaindiak zaintzen ditu kopia digitalak. Paperezko originalak, berriz, bi lekutan daude: artxiboarenak Bergarako Olaso Dorrean; eta bibliotekarenak Euskaltzaindiaren Azkue Biblioteka eta Artxiboan, Akademiaren Bilboko egoitzan.

Artxiboan euskalari nabarmen batzuen dokumentazioa biltzen da, ondoko azpifuntsetan banatua:

  • Joanes Artxu (1811-1881) eta Thomas Doucarrou.
  • Louis Lucien Bonaparte printzea (1813-1891).
  • Pierre Broussain (1859-1920).
  • Jean-Baptiste Darricarrere (1844-1928).
  • Edward Spencer Dodgson (1857-1922).
  • Wilhem Jan van Eys (1825-1914).
  • Hugo Schuchardt (1842-1927).
  • Georges Lacomberen lanak (1879-1947).
  • Jean-Dominique-Jules Salaberri (Ibarlakoa) (1839-1903).
  • Joseph-Augustin Xaho (1811-1858).
  • Urtubia etxeko artxiboa (1474-1829).
  • Julien Vinson (1843-1926).
  • Silvain Pouvrearen lanen kopiak (ca. 1614 – ca. 1670).

Bertsoak, kantak, askotariko paperak.

Zabaldu: