Leire Irazabal, Esteban Montorio, Joseba Sarrionandia eta Leixuri Arrizabalaga (argazkia: AFA)

Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak palindromoen berrogeita hamar kartel baino gehiago jarri ditu ikusgai

Erakusketak euskararen eta sorkuntza artistikoaren batasuna jasotzen du, hitzak arte bihurtuz.

Markos Gimenoren Karteletrak Joseba Sarrionaindiak eta Esteban Montoriok komisariatutako erakusketa da eta Markos Gimenok idatzitako palindromoetatik sortutako 53 kartel biltzen ditu. Kartel horietako batzuk Gimenok berak diseinatu zituen, baina Sarrionandiaren lanari esker, haren lagun askok eta bertako hogeita hamar artista baino gehiagok palindromo horiek kartel formatuan ilustratzen lagundu nahi izan dute, Markosekiko adiskidetasunari eta haren jenialtasunari egindako omenaldi gisan. Erakusketak euskararen eta sorkuntza artistikoaren batasuna jasotzen du, hitzak arte bihurtuz.

Gehienak PVCn erreproduzitutako irudiak dira, kartel itxurakoak, baina bisitariak jatorrizko lanak ere aurkitu ahal izango ditu (collageak, akrilikoak, erliebeak, tintazko marrazkiak), besteak beste egile hauenak: Fernando eta Vicente Roscubas anaiak, Aristides Hernandez (Ares) artista kubatarra, Jose Enrike Urrutia Kapeau, Unai Iturriaga, Bigara edo Jose Antonio Azpilicueta ilustratzaileak, eta Gotzon Garaizabal eta Luis Zavalamendiaren erliebezko lanak. Gainera, Gimenoren laguna eta zeramista den Esther Astarloaren lankidetzari esker Gimenoren palindromoetan oinarritutako zeramikazko piezak ikusi ahal izango dira.

Joseba Sarrionandiak azaldu duenez, “Markos Gimeno ezagunagoa izateko garaia da. Bere bizitzak eta lanak denoi era askotako arloetan interpelatzen gaituela alde batera utzita, kartel palindromiko bakoitzak ezusteko linguistiko bat eta adimen joko bat proposatzen dizkigu. Eta, zalantzarik gabe, euskal komunitate duin, alai eta sortzaileago baten parte sentiarazten gaitu”.

Markosen familiaren ekarpena eta gogoa oso garrantzitsuak izan dira erakusketa osatzeko, Gimenoren beraren objektu pertsonalak utzi baitituzte. Gainera, Iratxe Ugalde Gimenoren lagunak erakusketa honetarako prestatu duen ikus-entzunezko sorta hautatu batek bere lana hobeto ulertzen lagunduko du.

Gimenoren lana biltzeko eta ezagutzera emateko ideiak aurkeztutako liburua eta erakusketa ekarri ditu, besteak beste. Gimenok ehunka, milaka palindromo asmatu edo eraiki zituen. Sarrionandiak haietako 101 aukeratu ditu. Pamielak argitaratutako liburu horretan, palindromo bakoitzak interpretazio grafiko bat izango du. Lan horretan, Esteban Montorio Monti ilustratzailearekin batera, beste asko egongo dira (Jose Antonio Azpilicueta, Unai Iturriaga, Gotzon Garaizabal, Sonia Gonzalez, Roscubas…). Horregatik du izenburuan Letrakartel palindromoa. Sarrionandiak erreplika literarioa eman dio palindromo bakoitzari. Beraz, palindromoaren, irudiaren eta Sarrionandiaren testuaren arteko narrazio bat da. Marcos Gimenoren 101 letrakartel liburua aurtengo Durangoko Azokan egongo da salgai. Gainera, liburuaren egileek abenduaren 8an aurkeztuko dute Landakon bertan.

Erakusketa Euzkadi egunkarian 1923ko abenduaren 16tik 1924ko otsailaren 29ra egin zen euskarazko lehen palindromo-lehiaketaren mendeurrenarekin bat dator. Ebaristo Bustintza Kirikiñok antolatu zuen eta palindromista emankorrena Bernardo Garro mundakarra izan zen.

Zabaldu: