Idazle eta kazetari estatubatuarraren aparteko atzera begirakoa jasotzen du erakusketak.
Ernest Hemingway Nobel saridunak ia 40 urtetan zehar Euskal Herriko kultura eta jendearekin izan zuen lotura erakusten duten objektuak, argazkiak, ikus-entzunezkoak, idatziak eta bitxikeriak biltzen dituen erakusketa paratu dute Gernikako Euskal Herria Museoan. Edorta Jimenez idazlea da erakusketako komisarioa eta Night Before Easter – Pazko Bezperako Gaua liburuaren euskarazko argitalpena aurkeztu du lehenengoz.
Erakusketa Martha Gellhorn kazetari, gerra-erreportari eta idazleak idatzitako Hemingway & Euskal Herria kontakizunarekin osatzen da. Gellhorn, aldi berean, idazle estatubatuarraren lagun sentimentala ere izan zen, eta, honek Habanan bizi ziren euskal pilotariekin ordu txikiak arte egindako festa bat kontatzen du. Aldi berean, Erramun Mendibe Landa euskal margolari, grabatzaile eta ilustratzailea liburuaren diseinuaz eta maketazioaz arduratu da, eta historiari bizia ematen dioten ilustrazioen egilea ere bada.
Hemingway & Euskal Herria
1920ko hamarkadan Euskal Herrira egin zituen lehen bisitetatik, 1961ean Idahon hil zen arte, Kuban egin zuen egonaldi luzetik igaroz, Hemingway idazleak Euskal Herrian jaiotako lagun mordoa egin zituen. Era berean, kontaktu baten bitartez, euskal kultura eta gastronomiari buruzko ezagutza handia izan zuen, euskararekiko ere interesa agertuz.
Hemingway & Euskal Herria erakusketak biltzen dituen pieza eta objektuen artean, Jose Maria Ucelayren Conversation Piece, Just Leisure olio-pintura dago. Honetan, Hemingway Juan Duñabeita lagun minarekin agertzen da, eta Pilar izeneko yatearen maketa bat, Hemingwayk II. Mundu Gerran La Habanako bere lagun pilotariekin batera urpekari alemaniarrak ehizatzeko erabiltzen zuen ontzia.
Horrez gain, Helados Pereira-ren gurditxoa ere ikusgai dago; Hemingwayk 1959an Bermeora egindako bisita batean izozki bat hartu eta argazki bat atera zuen horren ondoan.
Bere eleberrien eta idazlearen bizitzari eta lanari buruzko argitalpenen, ikus-entzunezkoen, argazkien eta eguneroko beste objektu batzuen (idazmakinak, etab.) aleek osatzen dute erakusketan ikusi ahal izango diren objektuen zerrenda.
Jarduerak eta bisitak
Euskal Herria Museoak bisita gidatuak eta hainbat jarduera eskainiko ditu apiriletik aurrera, idazlearen irudiarekin eta bere lanarekin lotuta (solasaldiak, ipuin kontaketa, irakurketa komentatuak, ibilbideak, hitzaldiak).
Gainera, maiatzean, Literatura eta Ondarea ekimenaren baitan, Jimenezek Night Before Easter kontakizunari buruzko hitzaldia eskainiko du. Hil horretan bertan, Museoen Nazioarteko Eguna dela eta, ekitaldi berezi bat egingo da Helados Pereiraren eskutik.
Jarduera guztiak modu seguruan egingo dira, osasun-agintariek emandako neurriak eta gomendioak betez. Hori dela eta, museoek eta foru aretoek edukiera-muga bat ezarriko dute, eta nahitaezkoa izango da aldez aurretik jarduera guztiak erreserbatzea. Erakusketa datorren urteko urtarrilera arte bisitatu ahal izango da.