Gernikarte Erakusketa Kultur Etxean paratu dute irailaren 15era arte

Gernikan lanean jarraitzen duten bertan jaiotako artisten zein herrira etorritakoen urteroko erakusleihoa da Gernikarte. Aurten, Luis Iriondo eta Jose Antonio Urigüen margolariak, Arteskola pintura eskolako sortzaileak, eta Danel Garai bezalako sortzaile gazteak edota emakumeek artean eta gizartean duten papera gogorarazten digun Lide Kalzadaren lanak egongo dira ikusgai.

Uztailaren 15etik irailaren 15era bitartean, Gernikartek urteroko edizioa izango du Gernika-Lumoko Kultur Etxeko erakusketa gelan. Bertan, Urdaibai eskualdeko 27 artisten lana ikusi ahal izango da. Artista ugariren lanak biltzen dira erakusketan, diziplina desberdinetakoak: pintura, akuarela, ilustrazioa, argazkigintza, irudi digitala, eskultura, zeramika, diseinu grafikoa eta ehungintza…

Luis Iriondo edo Jose Antonio Urigüen margolari ospetsuak, Arteskola pintura eskolaren sortzaileak, eta Danel Garai bezalako sortzaile gazteak, artea ulertzeko modu berriak eskaintzen dituztenak ikus-entzunezko teknologia berrien aplikazioarekin edota emakumeek artean eta gizartean duten papera gogorarazten digun Lide Kalzadaren lanak egongo dira aurtengo edizioan.

Erakusketa aurten ere kalera irtengo da eta modu digitalean egingo dela iragarri dute antolatzaileek, artea herritar guztien eskura jartzeko asmoz. Kartelaren irudi nagusia QR lotura bat da, eta horren bidez erakusketaren edukia ikusi ahal izango da, baita hura osatzen duten pinturak, argazkiak eta eskulturak ere. “Kultur Etxean izango gaituzu zain esperientzia birtuala gauzatzeko”, adierazi dute.

Zabaldu: