(argazkia: Oiartzungo Udala)

Gerraostean oiartzuarrek arto-irina lortzeko egiten zituzten bidaietako pasarteak ipuin bihurtu dituzte

Gerraosteko garai zail eta gogorrean “mixeri gorritik atetzeko” oiartzuar askok bizi izan zituzten gertaerak ezagutzera eman nahi dute Muga astoa eta haren ingurukoen izeneko ipuin-liburuarekin, gertatu zena ahaztu ez dadin.

1936ko gerra amaitzean, Francok Gipuzkoa “provincia traidora” izendatu eta zigor gisa Gipuzkoako errotak itxiarazi zituen. Oiartzuarrek inguruko Nafarroako herrietako errotak erabili behar izan zituzten ia bost urtez arto-irina lortzeko; Arantza, Goizueta, Lesaka eta San Antongoak. Gauez eta astoekin egiten zituzten joan-etorriak, ezkutuan. Ibilbide horiek eta bidaia haietako bizipenak jaso ditu Muga astoa eta haren ingurukoen kalamatrikak ipuinak. Ibilbideen Wikiloc-eko erreferentziak eta mapak ere egin dituzte.

Gerraosteko garai zail eta gogorrean “mixeri gorritik atetzeko” oiartzuar askok bizi izan zituzten gertaerak ezagutzera eman nahi dute ipuin-liburu honekin, gertatu zena ahaztu ez dadin.

Jone Ugaldebere Sarasuarena izan da etxean entzundako historia ikertu, ezagutu eta ipuin bilakatzearen ideia. Joxe Kruz Ezeiza Kaxka eta Iñaki Pikabea Lasaren laguntza izan du. Haiek jasoak dira ipuinean azaltzen diren kontakizunen testigantzak eta ibilbideak. Iban Apaolaza Sanchok idatzi du ipuina eta Jokin Mitxelena Erizek ilustratu. Oiartzungo 1545 argitaletxeak argitaratu du eta Oiartzungo Udalak diruz lagundu du proiektua.

Ipuina pasa den astean aurkeztu zuten udaletxeko pleno aretoan dagoeneko salgai dago Dixidun, Oiartzun Irratian, Urrats paper dendan eta www.1545.eus webgunean, 15 euroan.

Zabaldu: