Gaur eta bihar Kontadoresen izango da jaialdia: Arratsaldean, esaterako, Lore Lujanbio, Etxekotu gabeko emakume langileak, Elene Lopetegi eta Tania Sirianyk zaintza kontzeptuaren eta zaintza eskubide kolektiboaren inguruko eztabaida planteatuko dute, azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorraren atarian. Ostiralean eta larunbatean Tanbakalerara jauzia egingo du Feministaldiak, larunbat iluntzean Dabadaban ospatuko den festarekin amaitzeko.
Donostiako Kontadores gazte zentroan eman zioten hasiera atzo, Gerriya lelopean, dantza eta iraultza aldarrikatuko dituen Feministaldiaren 18. edizioari. “Ultraeskuinaren gorakada, genozidio eta isolamendu garaietan inoiz baino garrantzi handiagoa hartzen dute transfeminismotik eta antiarrazismotik egindako iraultzek. Hortaz, bertako borrokak eta kanpokoak uztartuko ditu gerriyak, dantzan eta iraultzan mugituko da. Ikastaroak, hitzaldiak eta mahai-inguruak izango dira, performanceak, errezitaldiak, koktelak eta showroomak, dantzak eta festa”, adierazi dute antolatzaileek. Denetara 36 artista, aktibista, dantzari, pentsalari eta kolektibok osatuko dute aurtengo gonbidatuen zerrenda.
Nabarmentzekoa da, besteak beste, gaur Kontadoresen antolatuko den mahaingurua. Lore Lujanbio, Etxekotu gabeko emakume langileak, Elene Lopetegi eta Tania Sirianyk zaintza kontzeptuaren eta zaintza eskubide kolektiboaren inguruko eztabaida planteatuko dute, azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorraren atarian, Greba bat matxinada bat da izenburupean.
Gonbidatuen aniztasunean ere fokua jarri nahi izan da: poetak (Cristina Zhang, Luz Pichel, Mari Luz Esteban, Maria Salgado), kolektiboak (Amuge, Afrodelicious, Afrocolectiva, Cangrejo Pro…), hizlariak (Sonia Fernandez Pan, Ana Txurruka, Maite Garbayo…) gonbidatu dira, baita bestelako artistak eta pentsalariak ere.
Jaialdia itxiko duen larunbateko arratsaldeko egitaraua ere “berezia eta maratonianoa” izango dela adierazi dute: “batetik, Euskal Herriko testuinguruan borroka ezberdinetan diharduten pertsonak, arte garaikidearen eremutik datozen bertako eta kanpoko gonbidatuak eta dantza/performance ikuskizunak izango ditugu. Bestetik, gorputzak festarako prestatzeko Iñi Etxezarreta Tocak lagunduta Koadro showroom kolektiboa egongo da, arratsalde guztian zehar”.
Dabadabako dantza pistan emango zaio amaiera jaialdiari. “Gaitzak sendatu, kezkak askatu eta gorputzarekin adiskidetzeko gaua izango da, Sofy Suars, Landa eta Puñalesek gidatuta eta Sonia Fernandez Panen playlistaz lagunduta”.
Laura Muelas eta Leire San Martin izan dira, edizio honetan ere, jaialdiaren antolatzaileak. Bikotearekin batera aritu da prestaketa lanetan ondorengo lantaldea: Miren Jone Lizarzaburu, Xirou Xiao, Mirari Echavarri eta Idoia Zabaleta. Udaberrian, Arabako Azala espazioan, topaketak egin zituzten jardunaldiak pentsatu eta egitaraua osatzeko. Bertan egon ziren, baita ere, aurtengo komunikazioaren eta diseinuaren ardura izan duten Xerra Estudioko kideak.
Sarrera librea
Jaialdiko emanaldietarako sarrera librea izango da edukiera bete arte. Larunbat iluntzean Dabadaban egingo den festarako, berriz, izena eman beharko da. Emanaldietako batzuk bideo bidez ikusteko aukera egongo da, Feministaldiako webgunean: www.feministaldia.eus. Bertan, egitarau osoa ikusgai ere badago, egunez-egun.