Erronda kaleko Bira Kulturgunean izango da hitzaldia asteazkenean, doako sarrerarekin, arratsaldeko 19:00etan.
“Eta hamar urtez konfinatuta egon izan bagina, nola aldatuko ziren gure hiriak? Eta gure bizimodua?”, galdera horiei erantzuna ematen ahaleginduko dira Ula Iuretagoiena eta Beñat Saratxaga asteazkenean, otsailak 8, Bilboko Bira Kulturgunean, arratsaldeko 19:00etan, antolatu duten Errealitatearen agertokian izeneko hitzaldian.
Maiatzean Euskal Herriko kaleko arteen jaialdi nagusietara helduko den Asfaltoaren azpian euria kale ikuskizuna sortzeko Piszifaktoria Ideien Laborategia egiten ari den ikerketa prozesu komunitarioaren parte da solasaldi hau. “Gure hiriek gure bizimodua nola baldintzatzen duten aztertzea dauka helburu ikerketak, fikzioan oinarrituta”, azaldu dute.
Bilboko ikerketa-lanari amaiera emateko, gertatu ez diren errealitate posibleez hausnartzeko solasaldi berezi hau prestatu dute, euskaraz eta doako sarrerarekin.
Ula Iruretagoiena EHUko Arkitektura Eskolako ikerlaria eta irakaslea da eta Beñat Saratxaga arkitektoa eta Bilboko Behark arkitektura estudioaren sortzailea. Amaia Garate eszenografo eta arkitektoarena izango da solasaldia gidatzeko ardura.
Bilbon ekin dio Piszifaktoriak artea eta zientzia uztartzen dituen ikerketa prozesu honi, hiriko hainbat bizilagunekin, eta ondoren Gasteizera, Hendaiara edota Antsoainera joango dira Piszifaktoriako kideak.