Eskabideak jasotzeko epea abenduaren 18ra arte egongo da zabalik. Aukeratutako proiektuak, parte-hartze modalitatearen arabera, 2025eko apiriletik 2026ko maiatzera bitartean erakutsiko dira zenbait udal espaziotan.
Getxoztarrek sustatutako edo egindako proiektu artistikoen erakusketa bultzatu eta erraztea ditu helburu programazio artistikorako proposamenen deialdi honek.
Aurtengoan ere deialdia hiru modalitatetan antolatuko da. Lehenengoa sektoreko profesionalei zuzenduta egongo da, pertsona juridikoak zein fisikoak izan. Bigarrenak, irabazi-asmorik gabeko kultura-elkarteen profesionalak ez diren proiektuak hartuko ditu, eta, azkenik, udal-erregistroan erregistratuta dauden irabazi-asmorik gabeko kultur elkarteek aurkeztutako proiektu soziokulturalak aurkeztu ahal izango dira. Modalitate guztietan, getxoztarrek idatzi, diseinatu edo banatutako obra edo proiektuak aurkeztu beharko dira, baita getxoztarrek partaide edota kolaboratzaile dituztenak ere.
Deialdia antzerki edo koreografia proposamenetara, zinema emanaldietara, musika emanaldietara, bertsolaritzara, haurrentzako obretara, umorezko ikuskizunetara, errezitaldietara edo antzekoetara irekita dago. Hiru egun baino gehiago irauten ez duten lehiaketa, ziklo edo jardunaldien proposamenak ere onartuko direla nabarmendu du antolakuntzak. Aurreko edizioan parte hartu ez zuten elkarte edota pertsonek lehentasuna izango dute.
Getxo Kulturako teknikariak arduratuko dira modalitate guztietako proposamenak hautatzeaz, irizpide hauen arabera, besteak beste: udalerriarekiko lotura, proiektuaren kalitatea eta interesa, tokiko kultur eragileen arteko lankidetza, euskararen presentzia eta erabilera eta genero-ikuspegia txertatzea.
26 proiektu aukeratuko dira eta Muxikebarri zentroko areto eta espazioetan, Romo Kultur Etxeko ekitaldi-aretoan edota Areetako Geltokia plazan erakusteko diseinatuta egongo dira.
Guztira, 120.000 euro bideratuko dira ekimen honetarako. Aurrekontu horretatik, 80.000 eta 40.000 euro, hurrenez hurren, partaidetzako lehenengo bi modalitateetara bideratuko dira. Hirugarren modalitatearen kasuan, Getxo Kulturak ez du diru-zuzkidurarik bideratuko; aitzitik, bere gain hartuko ditu erakustaldiari dagozkion kostuak, deialdiaren oinarrietan zehaztutakoak.
Deialdiari buruzko dokumentazioa www.getxo-kultura.eus/deialdiak webgunean dago eskuragai.