Hunkidura Kuttunak ikuskizunak hainbat diziplinatako artistak bilduko ditu Algortako Muxikebarrin, irailaren 14an. Horien artean Kukai Dantza, Mikel Markez, Idoia Asurmendi, Janus Lester eta Mirua taldea izango dira.
Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdiaren 41. edizioa irailaren 14an amaituko da Benito Lertxundiri egingo dioten omenaldiarekin. Antolatzaileek azaldu dutenez, “Hunkidura kuttunak ikuskizunak ibilbide zirraragarria eskainiko dio publikoari hainbat artistaren eskutik. Hala, musika, dantza eta beste diziplina artistiko batzuk uztartuko dituzte Algortako Muxikebarriko oholtzan.
Ikuskizunaren bitartez, jaialdiak Lertxundiren ibilbide luze eta emankorra ohoratu nahi du, omenaldi hunkigarri eta artistiko batekin. Oriotik Euskal Herrira Benitoren abestiekin lelopean, emanaldi honek ikus-entzulea bidaia emozional batera eramango gaitu. Musikari gipuzkoarraren kantuen bidez, Euskal Herriko kultura, historia eta sentimenduen paisaian murgilduko du publikoa, “Oi lur abestitik hasita, Euskal Pizkundearaino!”.
Baga-Biga diskoetxea arduratuko da ikuskizunaren ekoizpenaz eta Arkaitz Hormaetxe eta Jon Maya izango dira zuzendari artistikoak. Lantaldeak hilabeteak daramatza lanean, 2024. urte bukaeran Lertxundiren oniritzia jaso zuenetik. Eszenatokian, zortzi musikarik parte hartuko dute eta beren interpretazioekin Benitoren abestiak gaurkotu eta berpiztuko dituzte. “Mikel Markez, Idoia Asurmendi, Janus Lester, Mirua eta beste hainbat artista ezagunek Lertxundiren obra ulertzeko berezko ikuspegiak erakutsiko dizkigute”, nabarmendu dute.
Emanaldian musika nagusi izango den arren, ikuskizunak diziplina anitzeko izaera izango du. Dantza, bertsogintza, marrazkia eta bestelako arte-adierazpenek beren tokia izango dute, ikusleari esperientzia estetiko eta sakona eskaintzeko helburuarekin. Dantzaren alorrean, Kukai Dantza konpainia nabarmendu du antolakuntzak, “euren estilo garaikide eta sustraituarekin ikuskizunari mugimendu poetikoa eta indar eszenikoa emanez”.
Elkarlanetik sortutako ekitaldi berezi bat izango dela iragarri dute, “emozioa, artea eta oroimena uztartuko dira gau berezi honetan, Benito Lertxundiren lana eta ondarea belaunaldi berriengana eramateko xedez”.
Sarrerak eta abonamenduak uztailaren 7an jarriko dira salgai Getxo Kulturako ohiko kanaletan.