(argazkia: Getxoko Udala)

Getxoko Komiki Azoka egingo dute irailaren 27tik 29ra

Jardueren egitarauari dagokionez, nobedadeen aurkezpenak, hitzaldiak, mahai-inguruak, proiekzioak, tailerrak eta erakusketa bat izango dira.

Bineten mundua gustuko dutenen ezinbesteko topaketa da Getxoko Komiki Azoka Euskal Herrian eta baita atzerrian ere. Aurten 22. edizioa du eta irailaren 27tik 29ra egingo dute Areetako Geltokia plazan eta Itzubaltzetako Ibaiondo kalean eta kultur etxean. Ohi bezala, bederatzigarren artearekiko hitzordu honetan artista ezagunek parte hartuko dute, bai azokaren gune komertzialean, bai kultur etxean programatutako hainbat jardueratan.

Komikiaren aldeko apustu hori gauzatzeko, Getxok 40 salmenta-postu bilduko ditu merkataritza-gunean (Areetako Geltokia plaza). Liburu-dendek, argitaletxeek, merchandising-establezimenduek eta fanzineek osatuko dute, besteak beste, postuen eskaintza, baita komikigintzaren munduarekin zerikusia duten era guztietako artikuluak ere.

Jardueren egitarauari dagokionez, nobedadeen aurkezpenak, hitzaldiak, mahai-inguruak, proiekzioak, tailerrak eta erakusketa bat izango dira. Bertan, sektoreko enpresa nabarmenetako batzuk izango dira, eta hitzaldietan, aurkezpenetan eta sinaduren txandetan parte hartuko dute, zaleek euren artista gustukoenak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dezaten. Sinadura-txandak leku horretan zein salmenta-postuetan egingo dira. Gainera, nobedade gisa, aurten Areetako Geltokia plazan ere ekintzak izango dira, hala nola tailerrak eta familientzako instalazio bat.

Artista gonbidatuei dagokienez, oraingoan honakoak egongo dira azokan: Carla Berrocal, Jaime Martin, Cristina Duran, Gabriel Hernandez Walta, Pedro Camello, Sole Otero, Aneke, Miguel Angel Giner Bou, Marina Saez, David Lafuente eta aurtengo edizioko kartelaren egile Alex Orbe. Horiez gain, argitaletxeek gonbidatutako egileek ere parte hartuko dute.

Azkenik, Sorginak izeneko erakusketaz ere gozatu ahal izango da. Borja Crespok komisariatutako erakusketa honetan komikiari, diseinuari eta ilustrazioari lotutako 24 emakume artistaren lanak bildu dira, aldi berean pertsonaia eta mitoa den sorginaren figura omentzeko. Besteak beste, Higinia Garay, Ane Pikaza, Josune Urrutia, Susana Martin, Raquel Meyers, Ana Galvañ eta Roberta Vazquez artisten lanak ikusgai izango dira bertan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna