Gu ere bagara proiektuaren bidez, zirriborroak eta erdizka kontatutako istorioak jaso dituzte liburu batean Ines Bermejok eta Julen Nafarratek, parte hartzaileen anonimotasuna mantenduz. Aurkezpena ekainaren 6an izango da, 19:00etan Algortako Abian kultur elkartean.
Ines Bermejo artistak eta Julen Nafarrate kazetariak Getxoko LGTBIQ+ pertsona nagusien kontatu gabeko istorioak liburu ilustratu batean jaso dituzte, Gu ere bagara egitasmoaren bidez.
Bermejok eta Nafarratek 2022. urtean hasi ziren herriko adinekoen testigantzak jasotzen, sexu-disidentziarekin lotutako memoria historikoa biltzeko asmoz. Orain, batu dituzten istorio horiek guztiak liburu batean argitaratuko dituzte, “topatu ditugun bizipen eta errealitate hauek nonbaiten jasota geratzea nahi genuen, ez galtzeko”, adierazi dute.
Bermejo eta Nafarrate herriko pertsona nagusiak elkarrizketatzen hasi ziren, Getxoko aspaldiko istorioak bildu eta gaur egun LGTBIQ+ edadekoak nola bizi diren ezagutzeko, erakusketa bat egiteko asmoz: “Prozesua uste baino zailagoa izan zen. Gure helburua zen LGTBIQ+ pertsona nagusiei lehen pertsonan ikusgarritasuna ematea, baina argi geratu zen hasieratik hori ez zela euren beharra. Ikusezin izatera behartu zituzten urtetan zehar, eta orain ez zuten foko publikoan agertu nahi, arrazoi ezberdinengatik. Plana aldatu behar izan genuen, beraz””, azaldu dute.
Azkenean, Gu ere bagarak kale erakusketa antolatu zuen, elkarrizketetatik hainbat esaldi aukeratu eta artxiboko irudiak erabilita. Geroztik, herriz herri ibili dira Bermejo eta Nafarrate, euren proiektuaren berri ematen eta beste herri batzuetan antzeko prozesuak egiteko aukera aztertuz, herriko memoria historikoa jaso eta LGTBIQ+ pertsona nagusien errealitateei ikusgarritasuna emateko asmoz. Besteak beste, Ordizian, Plentzian, Donostian, Gasteizen, Berangon, Bilbon edota Eibarren aurkezpenak egin dituzte hilabete hauetan.
Argitalpenean, hasieran jasotako testingantzei jarraipena eman diete, “proiektuaren hasieran bost elkarrizketa egin genituen, baina hilabete hauetan zehar bestelako istorioak jaso ditugu, eta horiek ere liburuan txertatu ditugu”. Horrela, liburu ilustratuan gai ugari agertzen dira: haurtzaroa, nerabezaroa, presio soziala, bazterketa, estereotipoak, sexilioa, sexu-grina, zahartzaroa, heriotza eta abar.
Kontatu dutenez, “istorio hauetako batzuk liburu honetan jaso ditugu, beste batzuk bidean galdu dira, edo ez ditugu topatu, eta asko galduko dira. Orrialde hauetan bere osotasunean kontatu ez diren istorioak agertzen dira: tatxoiak han-hemenka, begi estaliak, oihal zatiak, hutsuneak dituzten argazki-albumak, eten puntuak… Irudiek eta istorioek ez dute bat egiten; sormenak bete behar izan du hutsune hori. Guk ez badugu gure historia kontatzen, agian galduko da. Edo okerrago, beste batek kontatuko du gure ordez”.
Liburu ilustratua ekainaren 6an aurkeztuko dute, Algortako Abian Kultur Elkartean, 19:30etik aurrera. Bermejok eta Nafarratek eskertu nahi izan dute istorioak kontatu eta argazkiak ere utzi dizkieten auzokide guztioi. Liburuaren maketazioan Lander Telletxea diseinatzailea izan dute bidelagun eta Lasarte-Oriako Antza Inprimategian inprimitu da. Lanak Getxoko Udaleko sormen bekako diru-laguntza jaso du.