130etik gora antzerki-emanaldiz osatutako zirkuitua antolatuko du Udalbiltzak 2022an zehar Euskal Herriko zazpi lurraldeetan.
Bost dira Geuretik Sortuak proiektuaren lehen edizioan hautatuak izan diren antzerki obrak: Metrokoadroka Sormen Laborategiaren Bidaide, Oier Zuñigaren Eresia, Tanttaka Teatroaren Sexberdinak, Lore More Antzerki Taldearen Trapu Zikinak eta Bonbon Beltz konpainiaren Harriminak. Udalbiltzaren arabera, “antzezlanok orri gaineko proposamenak besterik ez ziren proiektuan hautatuak izan zirenean, eta 2021ean zehar egokitu zaizkien udalerrietan egonaldiak egin ostean gorpuztu dira; batzuen kasuan, izenburua aldatu ere, nahiz eta esentzia bera izaten jarraitzen duten”.
Metrokoadroka obra taularatzen lehena izango da. Gaur, urtarrilak 14, dute estreinaldia Atarrabiako Kultur Etxean; eta emanaldia errepikatuko dute igandean, Uharteko Arte Garaikide zentroan. Iruñerriko bi udalerri hauek izan dituzte egoitza beraien egonaldian, eta euren hitzetan, “herrietako erraldoien iruditeriatik modu poetikoan abiatuta, handia eta txikia izatearen arteko aldeaz, herrietako kulturgileen ikusezintasun hautazkoaz edo ez hautazkoaz, kultura bizitzeko moduez” mintzatzea izango da Bidaide antzezlanaren ardatza.
Asteburu honetan bertan estreinaldia duen beste konpainia bat Oier Zuñiga nafarrarena da. Berak, Eneko Gil dantzariak eta Belen Cruz aktoreak osatutako Eresia. Lurra arin bekizu, ama obra urtarrilaren 15ean taularatuko dute Bergarako Seminarixoan. Hirukoteak Bergara, Elgeta eta Antzuola izan ditu harrera-herri; baina otsaila hasierara arte itxaron beharko da Elgetan eta Antzuolan obra ikusi ahal izateko. Ama galtzearen dolua lantzeko asmoa du Eresiak, antzerkia eta dantza tartekatuta.
Estreinaldien kronologia jarraituz, Arrigorriagan urtarrilaren 21ean Sexberdinak obra aurkeztuko du Tanttaka Teatroak. Konpainia donostiarrak Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta aktoreak igoko ditu eszenatokira, Arrigorriagako Euskaldun Berria erakusketa gelan. “Garun-paralisia duen kazetariak eta kontraesanetan erdi itota dabilen goxoki saltzaileak, beren bizipen afektibo sexualak azalduko dituzte inolako konplexurik gabe, gutako bakoitzak, norbere paralisiarekin, beldur, amets eta ilusio ezberdinak ditugula erakusteko”, azaldu du konpainiak obraren sinopsian.
Urtarrilean ere izango da Lore More konpainia nafarraren Trapu Zikinak obraren estreinaldia, kasu honetan Oiartzunen. Hilaren 28a hautatu dute euren obra lehen aldiz erakusteko. Oiartzungo Udaletxeko areto nagusian izango da hori, eta antzinako herri garbilekuetan emakumeek etxeko trapu zikin erreal eta metaforikoak nola garbitzen zituzten kontatuko digute. Oiartzungo herri garbilekua izan dute inspirazio obra sortzerako orduan, eta euren zirkuituan hainbat aurkezpen garbilekuetan bertan egiteko asmoa dute.
Bonbon Beltz konpainia zuberotarrarena izango da aurkezpenetan azkena. Oñatin ari dira egonaldia egiten, eta euren Harriminak obra ikusi ahal izateko otsailaren 25era arte itxaron beharko da. Bertan, Titika Rekalt eta Josune Gorosteguik harrien eta herrien minei buruz hitz egingo digute.
130etik gora antzerki-emanaldiz osatutako zirkuitua antolatuko du Udalbiltzak 2022an zehar Euskal Herriko zazpi lurraldeetan. Obra bakoitzari buruz gehiago jakiteko, atal berri bat sortu dute webgunean, hemen ikus daitekeena. Agenda bat ere osatu dute, hilabetez hilabete osatzen joango dena, emanaldi bakoitzaren informazio praktikoarekin; hemen ikus daiteke jada urtarrileko emanaldi guztiak.