(argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia)

‘Gida Bira, Bizkaiko museoak bertsotan’ ekimena antolatu dute Bizkaian, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko

Bertsolariak gidari lanetan arituko dira museo eta aretoetako bisitetan, abenduaren 3an eta 4an.

Euskaren Nazioarteko Egunaren harira, Bizkaiko Foru Aldundiak, Euskararen Etxearen gidaritzapean eta Bizkaiko museo eta aretoen parte-hartzearekin, Gida Bira, gure museoak bertsotan ekimena jarriko du martxan.

Iaz Bizkaiko museo eta aretoetan Ondarea berbetan ekimena jarri zen martxan bereziki euskararen sustapenerako ekimen gisa eta aurten Gida Bira ekimena jarri nahi izan dute abian. Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol Saileko Foru Diputatuak azaldu duenez, “euskarak munduari begiratzeko modu bat eskaintzen digu, eta oraingoa, begirada hori bertsolarien bidez islatuko da Bizkaiko foru museo eta aretoetan. Gida Bira ekimenak gure museo eta aretoetako ondarea era bertsogintza batuko ditu, bisitariei esperientzia kultural berezi eta erakargarri bat luzatzeko helburuarekin. Euskaraldia, Bertso Txapelketa Nagusia, Euskararen Nazioarteko Eguna… hirurak dauzkagu aurten bata besteaz lotuta eta polita iruditu zaigu gure museotan keinu berezia egitea testuinguru horri”. Bilbaok ondare immateriala be balioan jarriko dutela adierazi du, “2023aren atarian, Europak ondare immateriala oso gogoan izango duen urtea izango da eta ekimen honen bidez aurreratu egingo gara eta gurean hain garrantzitsua den ta nazioartean ere erreferente den artea bertsolaritza museo eta aretoen erdian jarri nahi izan dugu, euskara erdian jarriz, alegia”.

Bertsolariak gidari lanetan arituko dira museo eta aretoetako bisitetan, ondareari haien ekarpen oparoa eransteko eta bisitariei ondarearen bestelako ikuspegi bat erakusteko asmoz, euskara erdian jarriz.

Ekimena honako tokietan egingo da: Bakioko Txakoli Museoa-Txakolingunea, Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoa, Bermeoko Arrantzaleen Museoa, Bilboko Arkeologi Museoa, Bilboko Ondare Aretoa, Bilboko Rekalde Aretoa, Gernikako Euskal Herria Museoa, Kortezubiko Santimamiñe, Muskizko El Pobaleko Burdinola Museoa eta Euskararen Etxeak antolatutako Liburuaren Arbola erakusketaren inguruan, Getxoko Punta Begoña Galerian.

Halaber, museo eta areto horietan hauexek arituko dira bertsotan: Ibon Ajuria, Aitor Etxeberriazarraga, Oihana Bartra, Ander Elortegi, Imanol Uria, Miren Amuriza eta Jone Larrinaga. Gainera, bisita berezia eskainiko du Yogurina Borovak.

Gida Bira, gure museoak bertsotan

Bisita berezi hauek abenduaren 3an eta 4an eskainiko dira goizez. Hona hemen egitaraua:

  • Gernikako Euskal Herria Museoan, Aitor Etxeberriazarraga, abenduaren 3an, 10:00etan.
  • Getxoko Punta Begoña Galerietan, Imanol Uria, abenduaren 3an,11:00etan (Saio hau Liburuaren Arbola erakusketaren inguruan ardaztuko da, zeina Euskararen Etxeak ondu duen)
  • Bilboko Rekalde Aretoan, Oihana Bartra, abenduren 4an, 12:00etan eta bertan gonbidatu berezi bat izango da, Yogurina Borova,
  • Bilboko Ondare Aretoan, Miren Amuriza, abenduaren 3an, 11:30ean
  • Bermeoko Arrantzaleen Museoan, Aitor Etxeberriazarraga, abenduaren 3an, 11:30ean.
  • Balmasedako Encartada Fabrika Museoan, Ibon Ajuria, abenduaren 4an, 11:30ean
  • Bakioko Txakoli Museoa-Txakolingunean, Jone Larrinaga, abenduaren 4an, 12:00etan.
  • Bilboko Arkeologi Museoan, Oihana Bartra, abenduaren 3an, 11:00etan.
  • Kortezubiko Santimamiñen, Ander Elortegi, abenduaren 4an, 12:00etan.
  • Muskizko Pobaleko Burdinolan, Ibon Ajuria, abenduaren 4an, 13:00etan (Saio honetan bi gonbidatu berezi izango dira, Mari Domingi eta Olentzero).

Bisita gidatuetan parte hartzeko izena eman beharko da. Horretarako, museo eta aretoekin harremanetan jarri beharko da.

Zabaldu: