(argazkia: BFA)

‘Gida Bira, gure museoak bertsotan’ ekimena abenduaren 1ean abiatuko da Bizkaian, Euskararen Eguna ospatzeko

Ekimenak Bizkaiko museo eta aretoetako ondarea eta bertsogintza uztartuko ditu, bisitariei esperientzia kultural berezi eta erakargarri bat luzatzeko helburuarekin.

Euskarak munduari begiratzeko aparteko modu bat eskaintzen du, eta oraingoan, begirada hori bertsolarien bidez islatuko da Bizkaiko museo eta aretoetan, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko asmoz.

Gida Bira Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako ekimenaren edizio berria aurkeztu dute Isaac Amezaga Euskara Zuzendari Nagusiak eta Iurdana Acasusok Euskararen Etxeko Zuzendariak Bizkaiko museo eta aretoko zuzendariekin batera.

Amezagak azaldu duenez “bertsolariak gidari lanetan arituko dira museo eta aretoetako bisitetan, gure ondareari haien ekarpen oparoa eransteko eta bisitariei gure ondarearen bestelako ikuspegi bat erakusteko asmoz”. Amezagak gaineratu duenez, euskara, gure ondarea eta gure kulturaren adierazpide garrantzitsuenetariko bat batuko ditugu, bisitariei jarduera kultural berezia eskaintzeko, betiere, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko xedearekin”.

Ekimena abenduaren 1ean, 2an, 3an eta 4an egingo da Bizkaiko hainbat espaziotan eta 13 bertsolarik hartuko dute parte. Ibon Ajuriagojeaskoa bertsolariak, esaterako, Bilboko Rekalde Aretoan kokatutako Eduardo Sourrouille artistari buruzko erakusketan parte hartuko du. Asier Galarza Bilboko Arkeologi Museoan izango da. Iker Uriartek eta Janire Arrizabalagak Gernikako Euskal Herria Museo bisitatuko dute. Oihana Bartra eta Miren Amuriza Bilboko Euskararen Etxeko Euskararen Interpretazio Zentroko erakusketa berrituan murgilduko dira. Koldo Gezuragak Bilboko Ondare Aretoan dagoen Zinemarako Arkitekturak Bilbon erakusketari buruzko bertsoak botako ditu. Eneko Abasolo Abarkas bertsolaria Bermeoko Arrantzaleen Museoan izango da. Ander Elortegik Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoa bisitatuko du. Iruri Altzerrekak Muskizko El Pobaleko Burdinola Museoan egingo duten Basotik burdinolara ekimenean parte hartuko du. Aitor Etxebarriazarraga Kortezubiko Santimamiñen izango da. Aissa Intxaustik Bakioko Txakolin Museoa-Txakolingunea bisitatuko du, eta, azkenik, Garazi Navarro Bizkaiko Foru Jauregian barrena ibiliko da bertsotan.

Zabaldu: