Gilbert Legrand-en ‘Gauza txikien ikuskizun handia’ erakusketa Donostian

Erakusketa urriaren 19ra arte bisitatu ahal izango da Donostiako Okendo Kultur Etxean, astelehenetik larunbatera.

Objektuen poeta gisa defini daiteke Gilbert Legrand (Paris), umorea eta originaltasuna dira bere obren ikur nagusia

Eguneroko objektuen morfologiatik abiatuta pertsonaiaz betetako unibertso bat sortu du Legrandek ohiz kanpoko begiradari esker. Gontzak, maratilak, brotxak, zerrak, pertxak… guztiak ere bere kosmos fantastikoko bizilagun bilakau dira erakusketa honetan.

Inguratzen gaituzten gauza txikiak (arrautza-kaxak, botoiak, mahai-tresnak…) zentzumenen bidez eta umorez aztertzea proposatu nahi izan du artista honek. Eskultura, pintura eta marrazketa uztartzen ditu bere lan artistikoak. Iruditeriarekin zuzeneko lotura dauka eta formen desitxuratzea eragiten du.

Berreskuratutako objektuak ez ditu halabeharrez aukeratzen; Legranden sorkuntza guztiak kolore, materia eta abarren muntaia eta konposizio-lanaren emaitza dira, eta eguneroko objektuei begiratzeko beste modu bat eskainiko digute. Begirada mugitu egiten da eta bide egiten dio poesiari. “Ilustratzaile gisa, publizitate eta edizioaren sektorean aritu naiz bereziki, enkargatutako irudiak paperean zein pantailan egiten. Duela hamar urte, adierazmolde pertsonalago batekin lan egin nahi izan nuen, eskultura eta pintura uztartuta. Desitxuratzearen teknika interesatzen zitzaidanez, eguneroko objektuak eraldatzen hasi nintzen. Horretarako, trompe-l’œil edo begia engainatzeko teknika erabili nuen objektuen gainean, bigarren azal bat balitz bezala. Hala, beren itxura originala mantentzen zutela, objektu bizigabe horiek pertsonaia bizidun eta bitxi bihurtzen ziren magikoki”, azaldu du Legrandek.

Haurtzaroaren, komikien eta street art-aren munduan murgiltzeko aukera eman zion praktika artistiko horrek. Urteak daramatza bere eskultura-lanak aretoetan erakusten eta beste testuinguru kultural batzuetan (Frantzian, New Yorken, Estatu espainiarrean). Horretaz gain, lau obra argitaratu ditu Jeunesse Sarbacane argitaletxearekin.

Zabaldu: