Bilboko konpainiak 2.500 euroko zenbatekoa eskuratuko du eta antzezlana 2025eko otsailean antolatuko den jaialdian estreinatuko da. Ane Zabalak, Aitor Garcia de Vicuñak eta Galder Perezek osatzen dute Gilkitxaro.
Euskaltzaindiak antzerki-ekoizpena sustatzeko laguntza berria sortu zuen 2020an. Sari horren helburu nagusia euskarazko antzerkia sustatzea da, batez ere, lan laburren sorkuntzari bultzada emateko xedez.
Horretara, 2025eko Lautan Hiru laguntza Bilboko Gilkitxaro konpainiak irabazi du, Alferrak, tunanteak, maleanteak lan laburrari esker. Ane Zabalak, Aitor Garcia de Vicuñak eta Galder Perezek osatzen dute Gilkitxaro, eta konpainiak 2.500 euroko zenbatekoa eskuratuko du. Antzezlana datorren urteko otsailean antolatuko den Bilboko jaialdian estreinatuko da.
7Katu gaztetxeak, Bira Kulturak eta Euskaltzaindiak osatzen duten epaimahaiaren arabera, “gidoi kitzikagarria du antzezlanak, gai sakonak umorez jorratzen ditu, gaur egungo arazoei helduz”.
Alferrak, tunanteak, maleanteak
Pili, Mili eta Willi exiliatutako hiru inurri dira eta nagi izateko eskubide unibertsala aldarrikatzen dute. Horra hor antzezlanaren abiapuntu originala. “Gozamenaren aldarrikapena eta anormaltasunaren apologia egin nahi du antzezlan labur honek”, diote Gilkitxaroko kideek. “Bizi dugun gizarteak produkzioa bultzatzen du, gizakiari ia arnasa hartzeko tarterik utzi gabe, hausnarketan erortzeko tentaziorik gabe. Bada, klik azkar bat egin eta guzti horri erantzun behar diogu”, gaineratu dute.
Lautan Hiru jaialdia
Egitasmoaren helburu nagusia euskarazko antzerkia hauspotzea da, euskarazko sorkuntzari gune berriak eskainita; bide batez, Zazpikaleetako giroan eragin nahi da, hiriko kultura-aukerak zabaltzeko asmoz.