Erakusketa 2026ko urtarrilaren 4ra arte bisitatu ahal izango da.
Gipuzkoa hitza, zehazki “Ipuscua”, lehenengo aldiz dokumentu batean agertu zenetik mila urte betetzen dira aurten, eta herrialdea osatu eta bermatu zen XIX. mendea aztertzen duen erakusketa ireki nahi izan du Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoak.
Maria Jose Telleria Ondare Kulturaleko zuzendariak azpimarratu duenez, “erakusketak iraganera begiratzeko aukera ematen du, gaur egun lurralde gisa nor garen hobeto ulertzeko. Gipuzkoa lehen aldiz aipatu zenetik mila urte bete diren honetan, bereziki baliotsua da XIX. mendean gelditzea, gure nortasun-ezaugarri asko finkatu baitziren orduan”.
Aldaketa ugari izan ziren duela bi mende eta horiek erakusteko XIX. mendeko bibliografian jarri dute begirada. Izan ere, Gipuzkoari buruzko hainbat lan argitaratu ziren. Larramendi edo Iztuetatik hasi eta Gorosabel edo Echegarayraino, lurraldearen historiak ere elezaharretatik dokumentuetan oinarritutako kontakizunerako bidea jorratu zuelako.
Kartografiari ere beste begirada bat eskaini nahi izan diote. Herrialdearen mapa osatu ostean, alegia, Oñati lurraldera 1845ean gehitu ostean, izugarri zabaldu zen. “Jose Joaquin Olazabal Arbelaiz irundarraren mapa ederrak eta Francisco Boronat edo Martin Ferreiroren atlasak ikusteko aukera izango dugu”.
Ikonografiari dagokiona da azken begirada. Album de Gipuzkoa izenburupean agertutako estanpa liburuak erabiliko dituzte lurraldea deskribatzeko. Grabatu originalez gain, XIX. mendeko irudiez osatutako mapa interaktibo bat ere osatu dute, bisitarien gozamenerako.
Garaiko lurraldetasunari lotutako beste hainbat gertakizun ere aipatzen ditugu, besteak beste, lurraldeak hiriburu finkorik ez izatetik hiriburutza Donostian behin betiko ezartzeraino egindako ibilbidea aztertzen da erakusketan, Tolosarekin izandako tirabirak adieraziz.
Esan bezala, Gipuzkoa behin betiko finkatu zen garaia argitzera dator aldi baterako erakusketa berri hau.