(argazkia: GFA)

‘Gipuzkoa. Izanetik izena 1025-2025′ erakusketa irekiko dute apirilaren 12an, Altzon

Hamabost artista gipuzkoarren bitartez Gipuzkoaren nortasun kulturalak mendeetan zehar izan duen bilakaera aztertzen da.

Gipuzkoa. Izanetik izena 1025-2025 izeneko erakusketa irekiko dute apirilaren 12an Altzoko Olazabalgo San Salvador elizan, Gipuzkoa izenaren milurtekoa oroitarazteko asmoz. Horrekin batera, ibilbide historiko eta artistiko bat proposatu dute antolatzaileek, hamabost artista gipuzkoarren bitartez lurraldearen nortasun kulturalak mendeetan zehar izan duen bilakaera aztertzen duena. Artista bakoitzak erakutsi nahi izan du zer den berarentzat Gipuzkoa.

Aurkezpenean, Goizane Alvarezek azpimarratu du erakusketa oso garrantzitsua dela komunitate bateko kide izatearen sentimendua indartzeko eta Gipuzkoak gaur egun dena izatera iristeko egin duen bilakaera historikoa gogoratzeko.

Xabier Olano Altzoko alkateak, bere aldetik, “altzotar bezala eta alkate bezala, ohore handia da niretzat Altzo-azpiko elizan antolatu dugun arte instalazio dotorea euskal herritar guztiei eskaintzea. Erakusketa jasotzen duen lekua ezin zitekeen egokiagoa izan. Izan ere, (G)ipuzkoa izena, Ipuskua bezala, historian lehen aldiz (1025ean) Olazabalgo Salbatore monasterioaren dohaintza-idatzi batean ageri da. Mila urte igaro ondoren, leku hartan bertan, hamabost artista gipuzkoarren lanak erakutsi ahal izateak argi eta garbi erakusten du herri honen iraupena eta bizi-nahia”, adierazi du.

Hamabost artista horien artean daude, besteak beste, Elena Arrese, Elena Cajaraville, Natalia Cambronero Nieto, Nisa Goiburu, Maria Jesus Cueto eta Julia Otxoa.

Jarduera osagarriak

Gipuzkoa. Izanetik izena 1025-2025 erakusketa Altzoko San Salvador elizan egongo da ikusgai apirilaren 12tik urriaren 31ra, eta sarrera doan izango da. Horrez gain, bisita gidatuak eta jarduera osagarriak eskainiko dira edukia era guztietako jendearengana hurbiltzeko, horrela, Gipuzkoako identitatearen inguruko gogoeta eta elkarrizketa sustatuz.

Zabaldu:

Utzi erantzuna