Gipuzkoako bertso eskoletan ‘Gelatik Plazara’ egingo dute jauzi ikasleek

Gaur abiatuko da Gelatik Plazara sariketa, eta datozen asteetan zazpi saio egingo dira Gipuzkoako zazpi eskualdetan. Ekimena 14 urte baino gutxiago duten ikasleei jendaurrean trebatzeko aukera eskainiko dien aisialdiko ekimen bat izango da.

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak bertso eskolekin elkarlanean Gelatik Plazara ekimena antolatu du. Gelatik Plazara 14 urte baino gutxiago duten ikasleei jendaurrean trebatzeko aukera eskainiko dien aisialdiko ekimen bat izango da. Azaldu dutenez, “bertsoarekin gozatzeko gune bat izango dute bertso eskoletako gaztetxoek eta Eskolarteko txapelketara iritsi aurretik plazarako zubi lana egiten laguntzea da asmoa. Bestalde, tokian tokiko bertso eskolak saio berean elkartuta ikasleek elkar ezagutzeko aukera ederra izango dute”.

Guztira hiruzpalau lagunez osatutako taldeetan 170 ikaslek hartuko dute parte antolatu diren zazpi saioetan. Hauxe izango da saioen egutegia: martxoaren 3an Zumaian, martxoaren 10ean Oñatin, martxoaren 24an Elgoibarren eta martxoaren 31n Azkoitian, Lasarten, Ordizian eta Amezketan.

Talde bakoitzak ondorengo lanak egin beharko ditu: prestatutako agurra; puntua erantzun koplan (oina emanda edo oinik eman gabe); gaia eta bi edo lau oin emanda kopla edo bertsoa osatu; eta bertsolari bati erantzuten, gaia emanda, kopletan.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, saioaren bukaeran talde guztiek jasoko dute sariren bat, eta saioak aurkezteaz zein gaztetxoen lana epaitzeaz bertso eskoletako irakasleak arduratuko dira.

Zabaldu: