Urtarrilaren 30era arte egongo da Eskolartekoan parte hartzeko izena emateko epea zabalik.
2023koa XLIII. edizioa izango du Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketak eta azken urteetan bezala Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen eta Ikastolen Elkarteren arteko elkarlana izango da.
Aurtengo edizioak ere bi zati izango ditu: idatzizkoa eta bat-batekoa. Idatzizkoaz Ikastolen Elkartea arduratuko da eta berriz ere aurrez aurreko formatua izango du. Bat-batekoa, berriz, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak antolatuko du eta zehaztu duenez, bertso afari formatuan egingo dira saio guztiak.
Bat-batekoan 15-18 urte bitarteko gazteek hartu ahal izango dute parte eta ondorengoa izango da egutegia: Kanporaketak: martxoaren 10ean, 17an, 24an eta 31n. Finala, berriz, apirilaren 21ean.
Parte hartzaileek kanporaketetan egin beharreko lanak hauek izango dira: hasierako agurra (nahi den neurrian); lau oinak emanda, 8ko txikian bertso bat; binaka/hirunaka, gaia emanda, zortziko handian bina bertso; binaka/hirunaka, gaia emanda hiruna kopla; bakarka: puntu bati erantzun eta gaia emanda bertso bat (gehienez bost puntuko neurrian); eta bukaerako agurra (nahi den neurrian).
Finaleko lanak, berriz, ondorengoak izango dira: hasierako agurra (nahi den neurrian), launa oinak emanda, zortziko txikian bertso bat; binaka, gaia emanda, zortziko txikian bina bertso; binaka, gaia emanda, zortziko handian bina bertso; bakarka: puntu bati erantzun eta gaia emanda bertso bat (gehienez bost puntuko neurrian); eta bukaerako agurra (nahi den neurrian).
Bat-batekoan parte hartzeko izena emateko galdetegi bat bete beharko da urtarrilaren 30a baino lehen. Horretarako hemen klikatuta dago aukera.