Euskal dantzako 90 maisuren testigantzak eta 50 herritako dantza egiteko moduak biltzen ditu argitalpenak. 1000 orrialde eta 600 argazki historiko, orain arte Gipuzkoan euskal-dantzari buruz egindako ikerketarik sakonena dela diote, 20 urtez iraun duena.
Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak liburua aurkeztu zuten larunbatean Beasaingo Igartza Jauregian, kolorez, musikaz eta dantzaz betetako jai giroan.
Ikerketa eta azterketa lan hau Aurtzaka taldeko Mikel Sarriegi dantzari beasaindarrak egin du 20 urtez. Sarriegik pauso, dantza eta mugimendu bakoitza disekzionatu ditu, eta 1.000 orrialdeko argitalpen honetan bildu du lana.
Horretaz gain, 90 dantza-maisuren eta Gipuzkoako euskal dantzako protagonisten testigantzak jasotzen dira gida honetan.
Sarriegik nabarmendu zuen lan hau, euskal dantzaren alde urteetan zehar bizitza eman duten pertsonak aintzat hartzeaz gain, “euskal dantzako irakasleen ezagutza aberasten lagunduko duen tresna izatea helburu duen ikerketa lana ere badela. Eguneroko bizitzan lagunduko dien gida”.
Argitalpenaren edizioa Aranzadi Zientzia Elkarteak egin du, eta Jokin Otamendi presidenteak, aurkezpenean, gogora ekarri zuen Aranzadik zergatik atera nahi izan zuen aurrera liburu hau, mugarria izan baitzen Gipuzkoako arte diziplina honen historian.
Otamendik azaldu zuenez, “liburu hau Aranzadin lantzen dugun baloreekin bat egiten du, hau da, memoria. Ikerketa honi esker, gure sustraien, folklorearen eta ohituren memoria idatzia dugu Gipuzkoan. Gure nortasunaren funtsezko zatia”. Gainera, argitalpena idazterakoan hain funtsezkoak izan diren ahozko testigantzen garrantzia azpimarratu nahi izan zuen, “gure memoria historikoa eraikitzen laguntzen duten testigantzak”.
Liburua www.dantzak.eus webgunearen bidez eros daiteke.