Ostiralean, 18:00etan, Jose Ballesteros dantzariak Masterclass bat emango du. Eta larunbatean, lau kontzertu izango dira 19:00etatik aurrera.
Gipuzkoan Gazte Tour 2025 programak Errenterian izango du geldialdi berriaren eszenatokia asteburu honetan. Dantza, musika urbano eta tokiko gazte talentua uztartuko dira ekimen honetan.
Ostiralean, 18:00etan, Dantzagunean izango da Dance Masterclass saioa Jose Ballesterosen eskutik. Home Dance Studion hasi zen dantzan eta gaur egun Pangea dantza-konpainiako koreografoa da. Estatu espainiar osoan zehar eskolak ematen ditu, eta klase erregularrak Connection Dance Center, Elite Estudio eta Home Dance Studio bezalako akademietan.
Larunbatean, berriz, GGT kontzertuak izango dira Lekuona Fabrikan, 19:00etatik aurrera, sarrera librearekin.
Kartelak Euskal Herriko musika eszenako izen gazte eta indartsuenetako batzuk bilduko ditu:
Zilibito Records da horietako bat. Oiartzungo zazpi gaztek osatzen dute taldea, trap, pop-funk eta hiper-pop doinuak uztartuz. Gazteak Maketa Lehiaketa irabazi zuten 2023an. Deabruen Doinuak (2024) diskoak taldearen aldakortasuna berresten du, Malakias, Rally48 edo Mutiko bezalako artisten kolaborazioekin.
Oiartzungo Panterak aurtengo urtarrilean sortu zuten hiru lagunek: Irati Matelok, Irati Muñozek eta Ainhoa Txapartegik. Elkarren artean oso desberdinak izan arren, lotura berezia aurkitzen dute musika egiteko orduan, musika horren bidez besteei gozatzeko eta gozarazteko grina partekatuz. Orain arte estilo askotako abestiak argitaratu dituzte, eta dagoeneko lanean ari dira beren freskotasuna eta talde gisa hazteko gogoa islatzen duten konposizio berrietan.
Oihan aka AZK DJ eta ekoizlea da, musika elektronika eta euskal kultura urbanoa uztartzen dituen proiektu bat garatzen duena. EP bat argitaratu du techno eta trantzea elementu identitario eta nostalgikoekin konbinatzen dituzten bost single bilduta, underground eszenaren barruan soinu indartsua eskainiz.
Nikone madrildarra musika urbanoaren erreferente handienetako bat bihurtu da. Biribibae bere estiloarekin, rapa, reggaea, soula, flamenkoa eta popa nahasten ditu, soinu ezagun bati forma emanez.
“Gipuzkoan Gazte Tour programaren bidez gure lurraldeko txoko guztietara hurbildu nahi dugu gazteentzako aisialdi eta kultura eskaintza, eta aldi berean adierazpen, ikasketa eta gozamenerako guneak sortu”, adierazi du Kultura eta Gazteriako diputatu Goizane Alvarezek. “Errenterian ikusiko duguna programaren izaera ondo islatzen du: tokiko talentua, gazte sortzaileentzako aukerak eta elkarbizitzarako giroa. Gipuzkoako gazteek erakusten dute aktiboak, anitzak eta parte hartzeko gogotsuak direla”, gaineratu du.
Gipuzkoan Gazte Tour 2025 programak urtean zehar hainbat herri bisitatuko ditu, eta, hala, kultura, arte eta musikaren inguruan Gipuzkoako gazteriaren topagune bihurtzen ari da. Informazio gehiago eta izen-emateak: www.gipuzkoa.eus/gazteria.