Gaur abiatuko da bederatzigarren edizioa Gasteizko Artium Museoan, El planeta de los simios filmarekin. Donibane Lohizuneko Le Select zinema aretora, Donostiako Tabakalerara, Bilboko Bizkaia Aretora eta Iruñeko Golem Baiona zinemetara ere helduko da zikloa.
Zinema eta Zientzia zikloaren bederatzigarren edizioak munduarekin dugun harremanean eragina izan duten gai zientifiko eta humanistiko garrantzitsu batzuk aztertzera gonbidatuko ditu ikus-entzuleak. Helburu horrekin, hamabi film proiektatuko dira, urtarriletik martxora bitartean, Gasteizko Artium Museoan, Donibane Lohizuneko Le Select zinema aretoan, Donostiako Tabakalera zentroan, Bilboko Bizkaia Aretoan eta Iruñeko Golem Baiona zinemetan.
Antolatzaileen esanetan, “aurten pantailaratuko denak aniztasuna du bereizgarri, eta zikloaren barruan antolaturiko filmek, esplizituki zientziaz hitz egin ez arren, ekartzen dute begirada zientifikorik. “Noizbait iritsi behar zuen, hortaz, zientzia fikzioaren alorreko El planeta de los simios (Planet of the Apes, Franklin J. Schaffner, 1968) klasiko subertsiboak”, adierazi dute. Film horrek gogoetagai ditu gizateriaren aurrerapen eta atzerapenak, deriba autoritarioak edo, Susan Sontagek esan zuen bezala, “triskantzek eta nahasmenduak ekar diezazkiguketen edertasun bereziak”. Halako zerbait ageri da, era berean, Los pájaros (The Birds, Alfred Hitchcock, 1963) filman, animazioaren ildoko Nausicaä del Valle del Viento (Kaze no Tani no Naushika, Hayao Miyazaki, 1984) lanean, edo La mosca (The Fly, David Cronenberg, 1987) filmeko nahasketa genetikoan.
Kultura eta humanismo modernoa
Ziklo honetan, “beti iritzi izan diogu zientziak kultura eta humanismo modernoaren funtsezko parte direla: Haur basatia (L’Enfant sauvage, François Truffaut, 1970) lanak berriketa gutxirekin azaleratzen dizkigu gizakiak bere-berea duenaren emozioa, afektuen zirrara eta hizkuntza aurkitzeak sorturiko hunkidura. Antropologiak lagunduko digu La balada de Narayama (Narayama Bushi-ko, Shohei Imamura, 1983) lanean murgiltzen, eta, haren bidez, bizitzaren amaieran pentsatzen. Eta gogoeta hori bera egiten du Los destellos (Pilar Palomero, 2024) pelikulak gure egunetan eta gure gizartean oinarriturik”.
Fincher zuzendari eta Sorkin gidoilari direla, “Sare soziala (The Social Network, David Fincher, 2010) filmak gure egungo aroa definitzen duen sorburura eramango gaitu, eta Laurie Andersonen Sisters with Transistors (Lisa Rovner, 2020) laneko ahotsak, berriz, emakume askok egungo musika elektronikoaren munduan izaniko rol aitzindaria ezagutarazten du. La Voie royale (Frederic Mermoud, 2023) neska gazte baten gaineko kontakizuna da: matematikarekiko talentuari eta interesari esker, aurretik hautatuak ez ziruditen bideak zabalduko zaizkio protagonistari. Hirugarren gizona (The Third Man, Carol Reed, 1949) filmaren bidez, gerraostea, penizilina eta zientzia izango ditugu hizpide, baina baita ustelkeria eta kontzientziarik eza ere. Maisulan bat”, antolatzaileen arabera.
Zikloak betetzear du hamar urteko ibilbidea, “sinpletasunez eta ekimen honen aldeko maitasun handiz, baina baita serioski ere, nahiz eta umorerik galdu ez. Hala, Irakasle zoroa (The Nutty Professor, Jerry Lewis, 1963) proiektatuko dugu. Dena baitago konektatuta”.