(argazkia: EHU)

Gladys Sariaren bosgarren edizioa abian da

Sariaren helburua ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferente berriak sortu eta haien lana jendarteratzea da. Izen-ematea zabalik dago jada, eta hautagaitzak www.gladyssaria.eus webgunean aurkeztu ahal izango dira ekainaren 1era arte.

Gladys Sariaren bosgarren edizioa aurkeztu dute gaur Donostian PUNTUEUS Fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak. Ekimena 2021ean jaio zen, emakume gazteak ibilbide teknologikoari ekitera animatzeko, eta euskal ingurune digitalean erreferente berriak sortzeko helburuarekin. Sustatzaileen esanetan, “lau urteko ibilbidean, gero eta interes handiagoa piztu du, eta horren erakusgarri da urtez urte aurkeztutako hautagaitza kopuruak izandako hazkundea”.

Olatz Arbelaitz EHUko Informatika Fakultateko Berdintasun Batzordeko kideak adierazi duenez, “orain arte lau emakume saritu ditu Gladys Sariak, profil desberdinetakoak, eta horrek erakusten du askotariko erreferenteak behar ditugula. Neska gazteek sektorean aukera oso ezberdinak dituztela ulertzea nahiko genuke”.

Gladys del Estal informatikariaren izena daraman sariaren helburua ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferente berriak sortu eta haien lana jendarteratzea da. Horrez gain, Donostiako Informatika Fakultatean ikasi zuen emakume haren lana gogoraraztea ere bada lehiaketaren xedeetako bat da.

Indar kolektiboaren emaitza

Aurten, orain arteko babes sare sendoena osatu da sariketaren inguruan eta euskal gizartean eragin handia duten erakunde oso ezberdinak elkartu dira helburu beraren bueltan. Lorea Arakistain Puntueuseko marketin eta komunikazio zuzendariaren hitzetan, “Gladys teknologia eta berdintasunaren arteko elkargune gero eta garrantzitsuagoa da; komunitatearen konpromisoa azpimarratu nahiko nuke, emakumeekin eta teknologiaren etorkizunarekin”.

Gipuzkoa Foru Aldundia bere aldetik, aro teknologiko berri batean aurrean egotearen erronkaz aritu da, Nerea Isasi Berdintasun Zuzendariaren hitzetan “Gipuzkoak munduko ordenagailu kuantiko bakanetako bat hartuko du laster. Gure lurraldea erreferente izango da, eta horrek aukera berriak ekarriko ditu, baita erantzukizun bat ere: emakume gehiago prestatzea, inspiratzea eta erreferente bihurtzea sektore berri honetarako”.

4.000 euroko ordainsaria

Antolatzaileek zehaztu dutenez, “edizio berri honetan 40 urtera arteko emakumeek parte hartu ahal izango dute; ingurune digitaleko edozein arlotakoak izan daitezke. Hautagaiek bere burua aurkez dezakete sarira, baina edozeinek proposatu ditzake hautagaiak. Sari bakarra izango da eta epaimahaiak honako irizpide hauek izango ditu kontuan: hautagaiak duen etorkizuneko proiekzioa, egin duen ibilbide profesionala, eta emakumeak sektorean inspiratzeko eta ahalduntzeko gaitasuna”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna