(argazkia: Donostia Kultura)

Goiatz Labandibar, Xabier eta Martin Etxeberria eta Mario Calabresi dira aurtengo Zilarrezko Euskadi Sariak

Liburu saltzaileen hautatzeko eta gomendatzeko lana aitortzea dute helburu sari hauek.

Gipuzkoako Liburu-denden Elkarteak urtero ematen ditu Zilarrezko Euskadi sariak. Aukeraketa Gipuzkoako liburu-dendek bidalitako proposamenen arabera egiten da. Horrela, liburu-saltzaileen hautatzeko eta gomendatzeko lan garrantzitsua aitortzen da. Aurtengoan hauek izan dira irabazleak: Euskarazko modalitatean, Goiatz Labandibar idazle oiartzuarra Zoo liburuagatik (Elkar argitaletxea), Gaztelaniazkoa Mario Calabresi Salir de la noche lanagatik (Libros del Asteroide) eta, azkenik, Xabier eta Martin Etxeberria anaiak Artxipelagoa (Elkar argitaletxea) komiki onena izateagatik.

Zoo liburuari dagokionez, elkarteak Labandibarren idazkera arina eta hurbila nabarmendu du. “Prosa errealista eta eraginkorra da, eta narrazio-teknika desberdinak konbinatzen ditu, egungo gizartearen kosmos propioa eta freskoa ironiaz marrazteko erabiltzen dituenak. Zoo kanpinen soziologia dibertigarria da, fenomeno soziologiko handi gisa, animalien eta gizakiaren zooen arteko paralelismoaren bidez”.

Etxeberria anaien Artxipelagoa

Gremioak Zilarrezko Euskadi saria eman die Xabier eta Martin Etxeberriari (gidoia), Alex Sanviri (ilustrazioak) eta Sergio Sedyasari (kolorea) Elkar argitaletxeak argitaratutako Artxipelagoa komikiagatik. Lan honi balioa ematen zaio euskarazko euskal komikiaren kalitatearen erakusgarri gisa, eta bereziki Artxipelagoa bezalako proiektu batean, soinu-proiektu bat paperezko komikira egokitzearen emaitza baita. 2021ean EITBPodkast plataforman estreinatu zen eta hiru denboraldiren buruan euskaraz gehien entzuten zen podcast-a bihurtu zen.

Azkenik, elkarteak Mario Calabresi italiarraren lana saritu du bere kalitate literarioa azpimarratuz, “eleberriaren eta autobiografiaren, testigantzaren eta ikerketaren arteko erdibidean dagoen lana da, kazetaritza eta narratiba sinpleki, hurbiltasunez eta argitasunez idatzia, bereziki, bere obran 70eko hamarkadako berunezko urteetan indarkeriak eta terrorismoak kolpatutako Italiaren tragedia pertsonal eta familiarrari eta egoera soziopolitikoari heltzeko ausardiagatik ere”, azaldu dute elkarteko kideek.

Zabaldu:

Utzi erantzuna