Enkarterri. Haren historiarako dokumentuak. 1297-1821 liburuak lanerako eta ezagutzarako tresna eskaintzen die aditu, interesatu eta ikertzaileei.
Enkarterrietako Museoak eskualde horren eta, orokorrean, Bizkaiaren iragana aztertzen eta ikertzen jarraitzen du. Gaur, etengabeko ezagutza-prozesu horren azkenengo kapitulua eman da ezagutzera: Goio Bañales historialariaren lana. Bañalesek XIV. eta XIX. mendeen arteko 276 dokumentu bildu ditu guztira (1297. eta 1821. urteen artekoak). Azaldu duenez, “adituentzako, interesdunentzako eta ikertzaileentzako lan-tresna erabilgarria da”.
Enkarterri. Haren historiarako dokumentuak. 1297-1821 izeneko liburua iaz argitaratutako beste liburuki baten jarraipena da, eta mota guztietako idazkiak biltzen ditu 1.362 orrialdetan: aktak, dokumentu historikoak, irudiak, hamarrenak, jurisprudentzia… “Irakurleak antzinako hiribilduen sorrera gogorarazten dizkigun transkripzioak aurkitu ahal izango ditu, horien artean Lanestosarena 1287an; XIV. mendeko bizimoduak ezagutu ahal izango ditu 1386an Artzentaleseko eta Santurtziko nekazariek ordaindu behar zituzten hamarrenak irakurtzean; Erdi Aroko ontzigintzara hurbilduko da Martin Ochoa de Larrearen (1480) edo Martin Diaz de Menaren karabelen aipamenarekin; Balmasedako eta San Martingo (1480) gotorlekuak etorriko zaizkio gogora; herrien mugei erreparatuko die, Salcedo (Zalla eta Gueñes), Gordexola eta Okendo artean dagoen 1406ko apeoari esker; gaur egun Kantabrian dagoen Castro Urdiales bere historiaren parte batean Bizkaiko Korrejimenduaren parte izan zela jakingo du; eta burdinak Enkarterriko ekonomian izan zuen garrantzia baieztatuko du, Erdi Arotik XIX. mendera Somorrostroko haranean ibili ziren burdingurdiak ezagutuz”, azaldu du egileak.
Hilketak, zalapartak, guduak, erbesteratzeak eta hainbat ika-mika, horien artean 1486an Ochoa de Ortusaustegui hiltzeagatik Diego de Larragorria Gordexolako bizilagunaren kontra ezarritako heriotza-zigorra, Barakaldoko kartzelako kontuak (1489), Ochoa de Salazarri ezarritako kondena (1489) eta Bañalestarrekin izandako auziak (1490). 1494an Abantora armatuta joan ziren 5.000 edo 6.000 enkarterritarrek sortutako zalaparta eta altxamendua oso nabarmena izan zen.
Garai bateko bideak (1491), Trianoko Goi Mendietako mea-guneak (1491), burdinolak (1492), antzinako bentak (1492) edo Gaztelako urrutiko lekuekin egiten zen merkataritza, Medina del Camporekin, adibidez, 1494an hara bidaiatzen zuen Galdamesko Ochoa de Gulluri moduko bizilagunak protagonista zirela. Horiek guztiak garai hartako bizimoduaren adibide dira. “Garai hartan bizimodua ateratzea ez zen beti erraza, 1495ean ikusten dugun moduan. Urte hartan, aguadutxu, eta uriola handi batek etxeak, bideak eta zelaiak suntsitu zituzten Cadaguako haran osoan, eta denbora luzez inkomunikatuta itxi zuen inguru hori guztia”, azaldu du Bañalesek.
Javier Barrio Enkarterrietako Museoko zuzendariaren hitzetan, horrelako dokumentuak “iragana modu zuzenenean ulertzen laguntzen dute. Edozeinek kontsultatu eta bere lanak egiteko erabil dezakeen materiala da. Iraganera gerturatzen gaitu, kasu honetan Enkarterriko iraganera, baina baita Bizkaiko eta inguruko lekuetako iraganera ere, Arabako Aiala bailarara edo ondoko Castro Urdiales hirira”. Azken batean, “Bizkaiko parte bateko, Enkarterriko, historia osoa. Historia horretan jende arrunta familia handiekin nahasten da. Lurralde honen historia moldatu zuen leinuak, batzuetan txarrerako, beste batzuetan ez hain txarrerako eta inoiz onerako ere: Aialatarrak, Salazartarrak, Velascotarrak, Bañalestarrak eta beste hainbeste”.