Gorabeherak gaindituta, uztailaren 18an irekiko ditu ateak Gasteizko Izaskun Arrue Kulturguneak

Kulturgune berriak, beraz, Oihaneder Euskararen Etxearen erreleboa hartuko du, eta kultura ekipamendu bat izatetik harago, Oihanederren errotzen hasitako Euskararen Etxea eta Gasteiz Antzokia uztartuko dira egitasmo bakarrean.

Lazarraga Kultur Elkartea ekainean 2024ko hitzarmena sinatu zuenetik eta Ruiz de Bergara Jauregiko giltzak jaso zituenetik buru belarri aritu da lanean kulturguneak lehenbailehen ateak ireki ditzan. Hasierako egunetan, lantaldea espazio berriari neurria hartzen ibili da eta etapa berriaren lehenengo pausuak ondo zehazten.

Lukas Etxeberria Sagastume Lazarraga Kultur Elkarteko kidearen arabera, “kulturgunean euskal kultura biziarazi nahi dugu, esperimentatu, balioetsi, landu, sortu eta erakutsi. Hasiera pausatua izango da, martxa hartu behar dugu lehenik, motorrak berotu eta errendimendu betean hasiko gara ondoren. Euskaraz jakin edo ez jakin IAK guztientzat irekita egongo da, Euskal Kultura guztiok partekatzea nahi dugulako. Beraz, Gasteiztar guztiok gonbidatuta zaudete Izaskun Arrue Kulturgunera”.

Irekiera baterako data ere jarri dute: uztailaren 18a. Egun horren bueltan egingo dituzte lehenengo jarduerak, eta abuztu bitartean, bisita gidatuak, etxeko haur eta gaztetxoei zuzendutako lantegia eta jaietako jarduera, deialdiak eta irekiera ekitaldia bera antolatu dituzte. Udazkeneko programazioa ere datozen asteetan emango dute ezagutzera.

Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea batuko dituen egitasmo honek, bestalde, marka berria izango du: IAK – Izaskun Arrue Kulturgunea. Egitasmoaren nondik norakoak gizarteratzeko, komunikazio kanal berriak (iak.eus webgunea eta sare sozialak) jarriko dituzte martxan gaurtik aurrera.

Izaskun Arrue Kulturguneak, beraz, Oihaneder Euskararen Etxearen erreleboa hartuko du. Eta kultura ekipamendu bat izatetik harago, Oihanederren errotzen hasitako Euskararen Etxea eta Gasteiz Antzokia uztartuko dira egitasmo bakarrean. “Ildo horretatik, kultura-proiektu integrala izateko asmoarekin sortuko da, euskaratik eta euskaraz. Eta kulturaren kate osoa lantzea izango du helburu: sormena, ekoizpena, taularatzea edo erakustea, komunikazioa eta audientziak. Eta hiriko dinamika suspertuz, modu honetan, Gasteizek euskararen erabilera normalizatzeko espazio berria izango du topagune, euskararen, euskal kulturaren eta aisialdiaren bidez”, adierazi dute elkarteko kideek.

Zabaldu:

Utzi erantzuna