Disko txiki honek bi abesti biltzen ditu: Diamantea eta Zilarra. Londreseko Abbey Road estudio ikonikoetan grabatu ditu bi pieza hauek.
Hasiera Bat (Only In Dreams, 2024) bakarkako lehen diskoarekin ezustekoa eman eta urtebetera, Gorka Urbizuk Bakan izeneko EP sorta kaleratzeari ekin zion aurtengo urtarrilean. Bakan I argitaratu zuen orduan, eta, orain, serie honen bigarren alearekin dator: Bakan II. Bihar argitaratuko du disko txiki hau, Londreseko Abbey Road estudio ikonikoetan grabatua.
Harribitxiak bailiran, Diamantea eta Zilarra abestiak jasotzen ditu bigarren EP honek. Lekunberriko musikariak maila berekotzat ditu bi pieza hauek, hortik dator 7″ko biniloak A alde bikoitza izatea, modu horretan The Beatles taldeari keinu bat eginez.
Lan berria Urbizuk azkenaldian ohi duen eran plazaratuko da. Bi kantuek, gainera, Arriguri ekoiztetxeak ondutako bideoklip bana izango dute.
“Musikari nafarrak edertasunaren eta kantu perfektuaren xerka darrai hemen. Kondairak dio Abbey Road-eko Studio #2 ikonikoak The Beatles taldearen espirituak sorginduta omen daudela eta, adi entzunez gero, badago horretatik zerbait hemen, batez ere Zilarra kantuan: hiru minutuko gema pop biribil bat, non ez diren falta errepika argitsua, gitarra kristalinoak, koru ederrak eta Paul McCartney berak erabilitako pianoa. Hitz batean: arima txikidun kantu handi bat. Distiratsua, inondik ere”, adierazi du Gotzon Barandiaranek.
Bakan II-ren argitalpena bat dator denboran Tour bat bira arrakastatsuaren azken txanparekin. Urbizu eta bere musikari taldea gelditu gabe aritu dira Euskal Herri osoan, Estatu espainiarrean, eta Mexiko, Kolonbia, Argentina eta Txileko hiriburuetan.
Donostian ekin zioten birari eta Donostian emango diote akabera, 21 hilabete beranduago, zirkulua ixteko asmoz. Lau emanaldi emango dituzte jarraian Victoria Eugenia Antzokian. Sarrerak aspaldi bukatu ziren, minutu gutxian bukatu ere.