Ikerketa esparrua edo gaia honako hau izango da: “Hizkuntza aniztasuna Elgoibarren: jatorri atzerritarreko bizilagunak eta euskara”. Bekarako proposamenak 2022ko apirilaren 7ra arte aurkeztu ahal izango dira.
Elgoibarko Udalak Gotzon Garate bekaren laugarren deialdia jarri du martxan, eta ikerketa esparrua edo gaia honako hau izango da: “Hizkuntza aniztasuna Elgoibarren: jatorri atzerritarreko bizilagunak eta euskara”.
Ikerketa lan honen helburu nagusia da Elgoibarren bizi diren jatorri atzerritarreko pertsonek euskararekiko eta euskal kulturarekiko dituzten pertzepzioak aztertzea eta hizkuntz integrazioan laguntzeko, etorkizunean egin litezkeen esku-hartzean kontuan hartu beharreko gakoak identifikatzea.
Bekaren gehienezko iraupena zortzi hilabetekoa izango da, eta zenbatekoa, berriz, 10.000 eurokoa. Ikerketa lana euskaraz egin beharko da, eta originala eta argitaratu gabea izan beharko da. Lana Udalaren ardurapean egingo da.
Beka norbanakoek zein lantaldeek eskatu ahal izango dute. Lantaldeen kasuan, Udalaren aurrean ordezkari izango den zuzendari arduraduna izendatu beharko da. Eskatzaileak erdi edo goi mailako unibertsitate titulua izan beharko du, eta gainera, EGA edo agiri baliokideren bat.
Bekarako proposamenak 2022ko apirilaren 7ra arte aurkeztu ahal izango dira. Eskabideak eta gainerako agiriak Elgoibarko Udalaren Herritarrentzako Arreta Bulegoan (Santa Ana 2, 20870 Elgoibar) edo modu telematikoan aurkeztu ahal izango dira www.elgoibar.eus webgunean, “Gotzon Garate Bekaren IV. deialdia” erreferentzia jarrita.
Deialdiaren oinarriak udalaren webgunean eskura daitezke. Informazio gehiagorako 943 74 43 66 telefonora deituz edota euskara@elgoibar.eus helbidera idatziz.