Neomak taldea (argazkia: Balaunka)

Gozategi, Neomak, Nafarroa 1512 edota Bisaiak taldeak izango dira Atarrabian egingo den Aske jaialdian

Eskaintza berezien ostean, kartela iragarrita, 35 euroren truke eskuratu ahal izango dira sarrerak jaialdiaren webgunean: askejaialdia.eus.

Hamabost taldek osatuko dute Aske jaialdiaren lehen edizioaren soinu-banda: Merina Gris, Neomak, Hazas, Gozategi, Kaparrak, Janus Lester, Nafarroa 1512, Streetwise, Juantxo Skalari, The Clayton, Chuleria, joder!, Dodosound, Marte Lasarte, Bisaiak eta Sustrai Berriak. Genero anitzak eta talde euskaldun gazte zein esperientziadunak. Abenduaren 27rako prest daude guztiak. Nahiz eta oraindik ere iragarpenen bat dute eskuartean antolatzaileek.

Ez-ohiko musika jaialdi bat izango da Aske, hala iragarri du antolakuntzak: “geure herri eta jendearen askatasuna aldarrikatzeko topagunea izango da. Aske izan nahi dugunon aterpea”.

“Norbanakoaren eta gure herriaren askatasunaren ulerkera kolektiboa da gurea. Euskal Herri aske baten soinu banda sortu nahi dugu: euskalduna, feminista, antikapitalista, solidarioa… Hamarkada luzez gogor kolpatua izan da geure herria eta geure jendea. Orain, herri eta jendarte hori eraikitzeko unea da”, adierazi dute.

Herri mugimenduaren parte direla azpimarratu dute eta herri mugimenduaren balioak partekatzen dituztela. “Balio eraldatzaile horien eta gure nazioaren askatasun grinaren sustapena egin nahi dugu musikaren bitartez. Indibidualismoaren, handinahikeriaren, lehiakortasunaren… aurrean, auzolana eta elkarlana dugu guk lanabes. Bestelako aisialdi eta jaialdia ereduak posible direla uste dugu, eta hala egingo dugu. Elkarrekin edozer dugu posible. Elkarrekin, bi t’erdi gara”.

Hala, aurtengo abenduaren 27tik aurrera aske izateko jaio direla esatera igoko dira oholtzara, “herri honen eta bere jendearen askatasuna aldarrikatzera. Aske izateko jaioak, aske izan gaitezen”!

Sarrerak

25 eta 30 euroko eskaintza berezien ostean, kartela iragarrita, 35 euroren truke eskuratu ahal izango dira sarrerak jaialdiaren webgunean: askejaialdia.eus. Bertan, eta sare sozialetan iragarriko dute bestelako informazio praktiko guztia.

Zabaldu:

Utzi erantzuna