‘Gu ere bagara!’ proiektuak Getxoko kaleetara eraman ditu LGTBI+ pertsona nagusien kontatu gabeko istorioak

Sei hilabeteko prozesuaren ostean, Ines Bermejo artistak eta Julen Nafarrate kazetariak proiektuaren emaitzak aurkeztuko dituzte larunbatean.

Ines Bermejo artistak eta Julen Nafarrate kazetariak bultzatutako Gu ere bagara! proiektua azaroaren 5ean amaituko da, egun horretan bertan proiektu honen emaitzak azalduko dituztelako. Azken hilabeteetan, egitasmoa Getxoko LGTBI+ nagusien istorioak eta testigantzak batzen ibili da, helburu birekin: pertsona nagusien gaur egungo errealitatea zein den ezagutzea eta iraganeko kontakizunak jasotzea.

Bermejok eta Nafarratek aitortu duten bezala, prozesua zaila izan da: “Zerotik abiatu ginen testigantzen bila, eta oso zaila izan da euren istorioa kontatzeko prest dauden pertsonak topatzea”. Azkenean, Getxoko bost auzokide prest agertu dira euren bizipenak kontatzeko: “Deialdi publikoa egin genuen maiatzean, baina inor ez zen agertu proiektuan parte hartzeko prestutasunarekin. Zorionez azkenean testigantza batzuk bildu ditugu, batik bat ahoz ahokoari esker, kontaktuen bidez, baina benetan erronka zaila izan da”. Esparru ezberdinetan testigantzen bila ibili dira, besteak beste, Getxoko udal egoitzan, Erromoko Nagusien Etxean edo Algortako mugimendu feministan: “Oso eskertuta gaude jende askok lagundu digulako kontaktuak biltzen; eurak barik ezinezkoa izango litzateke hau guztia egitea”, adierazi dute.

Azkenean bost lagun agertu dira prest proiektuan lekuko gisa parte hartzeko, Algorta, Erromo, Portu Zaharra eta Neguri Langileko auzokideak dira hauek. Nafarratek eta Bermejok bilaketa-prozesuaren garrantzia azpimarratu nahi izan dute: “Honek guztiak balio izan du testuinguru ezberdinetan jendeak hausnartzeko zer dela eta LGTBI+ pertsona nagusiek ez duten ikusgarritasunik; zergatik ez ditugu ezagutzen; zergatik ez duten ikusgarritasunik; zergatik ez dugun euren errealitateaz berbarik egiten; zergatik ez duten konfiantzarik sentitzen gure gizartean euren istorioa kontatzeko”.

Izan ere, proiektuan jasotako kontakizun guztietan parte-hartzaileen anonimotasuna bermatuko da, eurek hala eskatuta. Horrela, proiektuaren erakusketak hamalau esaldi izango ditu, testigantza hauen guztien laburpen modura.

Esaldiak honakoak dira: “76 urte ditut eta bisexuala naiz. Eta zer?”; “¡Qué disgusto me llevé cuando me dijeron que eras maricón! Pero no te preocupes que no se te nota nada”; “¡Vaya alboroto se montó en Las Arenas cuando fuimos al Gran Cinema agarrados de la mano!”; “Gogoratzen dut behin Gurea zinemetan, bi mutil iraindu zituztela elkarri musuka ari zirelako”; “Erromo beti izan da oso borrokalaria, sexu-askapenarekin kenduta”; “Aitak hitz egiteari utzi zidan lesbiana nintzelako. Pena hori geratu zait bizitzan”; “Estando tan buena no me imaginaba que fueras lesbiana”; “Nos gustaban los días de lluvia porque podíamos ir agarradas del brazo bajo el paraguas sin llamar la atención”; “Ez dut aurpegia erakutsi nahi ultraeskuinaren beldur naizelako”; “65 urte ditut eta ez zait amatatu sexuarekiko grina”; “A mis 83 años ya no me interesa el sexo, me da más placer podar el seto”; ¿”Qué por qué me fui de Algorta? Porque soy lesbiana”; “Íbamos a las fiestas de EHGAM de Bilbo a descansar la mente y cansar los cuerpos”; “Non daude LGTBI+ Nagusiak?”.

Esaldi hauen bidez, Gu ere bagara!-k hainbat gai landu nahi izan ditu; pertsona nagusien sexualitateak bizi duen ikusezintasuna; sexilioa edo herrietatik hirietara alde egiten denean sexualitatea askatasun handiagoarekin bizitzeko; erasoei beldurra; bisexualitatearen ikusgarritasun falta; LGTBI+ pertsonek pairatzen dituzten estereotipoak eta abar. “Oso pozik geratu gara proiektuak izan duen emaitzarekin, baina zoritxarrez ezin izan ditugu landu nahi genituen gai guztiak, besteak beste, genero-aniztasuna, hiesaren agerpena edota pertsona migratuek bizi duten errealitatea”.

Erakusketa hau ikus daiteke dagoeneko Algorta, Portu Zaharra, Erromo eta Areetako hainbat kaletan, eta Getxoko hainbat metro-geltokitan (Bidezabal eta Areeta artean). Ines Bermejok collage-aren teknika erabili du irudiak sortzeko, bertan agertzen diren pertsonen identitatea ezabatuz. Erakusketako irudiak www.guerebagara.eus webgunean ere ikus daitezke.

Azaroaren 5eko aurkezpena 18:30ean hasiko da Erromoko Kultur Etxean, eta bertan Visibles film laburra ere ikusi ahal izango da (Enrique Reyk eta Ainhoa Urgoitiak sortutakoa). 20:30ean Baste tabernan jarritako erakusketaren inaugurazioa egingo da, DJ Dandieren laguntzarekin. Azkenik, LGTBIQ+ jaia egongo da Areetako Gato Pardo tabernan, DJ P. Herreraren eskutik. Doako sarrera egongo da ekitaldi guztietarako. Baste tabernako erakusketa azaro osoan zehar ikusi ahal izango da.

Istorioak bilatzeko prozesua amaitu bada ere, proiektuak jarraipena izango du Dantzerti eskolari esker. Zinegoak jaialdiarekin elkarlanean, antzezlan bat sortuko dute proiektuan jasotako istorio guztiekin.

Zabaldu: