(argazkia: Xaloa Telebista)

Guardia zibilak isuna jarri dio Aldatu Gidoia mugimenduari

Egitasmoak apirilaren 25an Altsasun egindako agerraldi batean 22 lagun biltzeagatik jaso du isuna bozeramaileetako batek. Aldez aurretik baimena eskatu gabe elkartu daitekeen pertsona kopurua legeak diona baino bi gehiago zirelako jarri diote isuna.

Aldatu Gidoiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Altsasuko guardia zibilak isuna jarri dio, apirilaren 25ean egindako prentsaurreko batengatik. Egun hartan, mugimenduak agerraldia egin zuen Altsasun, maiatzaren 18an Gasteizen egingo zuten manifestaziorako deia egiteko, euskaran ardaztutako politikak eskatzeko.

Bada, berriki, agerraldi hartan parte hartu zuen kide bati isuna bidali dio, “Mozal Legea” aplikatuz. Guardia zibila X sare sozialean arakatzen ibili dela salatu du egitasmoak, eta prentsaurreko argazkian 22 lagun zeudela zenbatu dutenez, isuna jarri diote, izan ere 20 lagun arteko elkarretaratzeetarako ez da baimenik eskatu behar.

Aldatu Gidoia egitasmoko kideek nabarmendu dutenez, “herritarrek politikan parte hartzea eragozteko legea da “Mozal Legea”, eta jarritako isuna salatzen dugu. Euskaran ardaztutako politikak aldarrikatzen segituko dugu”.

Altsasuko agerraldian irakurritako testua:

Arratsalde on, gaurkoan Altsasura bertaratutako guztioi:

Ukaezina da kulturak eta ikus-entzunezkoek norbanakoaren garapenean, identitate kolektiboan eta gizarte-kohesioan duten garrantzia. Kulturan sakontzeak integrazio eta aniztasunaren alde jardutea dakar. Hala, euskaldunok, kultura eta hizkuntza komunitate gisa, aurrera egin nahi badugu, estrategikoa dugu euskarazko kultura eta ikus-entzunezkoen eskaintza zabal eta erakargarria bermatzea. Ondorioz, kezka sortzen digu Eusko Jaurlaritzak euskarazko kultura eta ikus-entzunezkoetara horren baliabide gutxi bideratzeak.

Urteak dira Euskal Irrati-Telebista publikoak sorrerako helburuak baztertu zituela. Euskal Irrati-Telebistan, euskara biziberritzeko eta euskal kultura sustatzeko sortu zen hartan, gaztelerazko edukiek hartu dute erreferentzialtasuna, euskara eta euskarazko eskaintza bigarren mailan geratu direlarik.

EITBri errealitate soziolinguistikoa eraldatzea dagokio. Hortan datza, euskal erakunde publiko gisa, bere legitimizazioa. Beraz, EITBk herritarrei euskarazko eskaintza apal bat bermatzea baino gehiago egin behar du. EITBk ahalegin berezi eta nekaezina egin behar du, euskarazko programazio eta eskaintza zabal, oparo eta orekatuaren bidez, herritarrak osoki euskaran murgiltzeko. Horretarako, euskara hizkuntza nagusia izango duen Euskal Irrati-Telebista behar dugu, euskararen normalizazioaren ardura nagusia bere gain hartuko duena.

Sakanan gaude, Euskal Herriaren erdigune geografikoan, hain zuzen ere, adierazteko premiazkoa dugula Euskal Herrian ardaztutako Euskal Irrati-Telebista. Izan ere, marko espainiarra gailendu da erabat EITBn, eta, horrek, kultura eta hizkuntza komunitate gisa, galbidera garamatza ezbairik gabe. Erdal erreferentziak sustatu ordez, Euskal Herriko erreferentziak indartu eta, Basabürütik arabar Errioxara, Enkarterritik Zangozerrira, herritarren artean zubiak eraikiko dituen Euskal Irrati-Telebista behar dugu. Eskualde guztietako txokoak eta pertsonak hurbilduko dizkigun Euskal Irrati-Telebista, alegia.

EITBz harago ere, Eusko Jaurlaritzaren kultura eta ikus-entzunezkoetako politikek ez dituzte inondik ere herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen. Haatik, herritarrak bete-betean gazteleran murgiltzea eragiten dute. Izan ere, zinema eta streaming plataformetan, gaztelerazko eskaintza da nagusi, euskarazkoak ia tokirik ez duen bitartean.

Euskara jendearen hizkuntza eskubideak bermatzeko eta hizkuntza biziberritzeko duten garrantziagatik, behar-beharrezkoa dugu, gaur egungo ikus-entzunezkoen kontsumo-ohiturak aintzat hartzea eta EiTBz haragoko hizkuntza politikak abian jartzea; hots, kultura eta fikzioaren euskarazko eskaintza zabal eta erakargarria, EiTBren euskarri eta lehioez gain, jendea dagoen tokietara eramatea, streaming plataforma nagusietara eta zinemara, alegia.

Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu euskarazko kultura eta fikzioaren eskaintza erakargarria osatzeko lanetan berehalakoan jartzeko. Eta, behin osatuta, euskarazko eskaintza hori, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrei eskuragarri jartzeaz gain, Nafarroa Garaia, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako herritarrei ere eskuragarri jartzeko.

Gure bizitzetan duten garrantziagatik, eta, aisialdian duten tokiagatik, euskara erdigunean jarriko duten kultura eta ikus-entzunezko politikak behar ditugu, premiaz. Egoera iraultzeko unea da, gidoia aldatu eta kulturan, EiTBn eta ikus-entzunezkoetan euskara erdigunean jartzeko tenorea. ‘Aldatu gidoia euskararen alde’ egitasmotik Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu kultura eta ikus-entzunezko politikak errotik aldatzeko, eta, kulturara, EiTBra eta ikus-entzunezkoetara bideratutako baliabideak euskararen normalizazioaren zerbitzura jartzeko. Kultura-eskaintzan, euskarazko kultura eta sorkuntzari lehentasunezko tokia emateko, EITBn eta EITBz harago; eta euskarazko sortzaileen lan-egoera duintzeko neurri zehatzak hartzeko.

Harrotze-aste betean dago ‘Aldatu gidoia’ kanpainako eragile-sustatzaile den Euskal Herrian Euskaraz taldea. Kolektiboki indartu, ahaldundu eta harrotzeko deia egin digu euskaldunoi egunotan Euskal Herrian Euskaraz-ek; harrokeriarik gabe, baina, harrotasunez, euskaraz bizitzeko eskubide osoa dugula esateko. ‘Aldatu gidoia’ egitasmoak ere bat egiten du behar eta asmo horiekin. #EuskarazTaHarro

Asko eta asko dira, Eusko Jaurlaritzaren kultura politikei eta EITBren eginkizunei buruz, urteetan, gogoetan eta eztaibaidan aritu diren norbanako eta eragileak. Asko eta asko, egunerokoan, eginahal indibidual eta kolektiboa eginez, euskarazko kultura eta ikus-entzunezkoen alde egiten dutenak.

‘Aldatu gidoia euskararen alde’ kanpainaren eragile-babesle guztiek, bat hartuta, horiei guztiei, eta, gure hizkuntza eta kultura inporta zaion orori, maiatzaren 18an kalera ateratzeko deia egiten diegu.

Zabaldu:

Utzi erantzuna