(argazkia: Irekia)

Gure Artea sariak 2024, Idoia Monton, Josu Bilbao Ugalde eta ‘Tractora’ kooperatibarentzat

Sarituek 20.000 euro jasoko dituzte udazkenean Bizkaian egingo den sari-banaketa ekitaldian.

Idoia Monton (Ibilbide artistikoa aitortzeko saria), Josu Bilbao (Sorkuntza lana aitortzeko saria) eta Tractora kooperatiba elkartea (Arte Plastikoen eta ikusmen-arteen arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria) dira aurtengo Gure Artea sarietarako epaimahaiak hautatu dituen hiru artistak. Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak eman ditu ezagutzera hiru irabazleak Gasteizko Artium Museoan egin duten agerraldian.

Ismael Manterola Ispizua arte historialariak, Carmen Garmendia Amigot erakusketa koordinatzaileak eta Susana Talayero, Laida Lertxundi de Prado eta Peio Aguirre Azkarate artistek osatu dute epaimahaia. Azken hau epaimahaiburua izan da eta sarituak aukeratzeko arrazoiak azaldu ditu. Sarituek 20.000 euro jasoko dituzte udazkenean Bizkaian egingo den sari-banaketa ekitaldian.

Idoia Monton artista donostiarraren kasuan, epaimahaiak nabarmendu du “30 urte baino gehiagoko ibilbidean, bere jarrera ausarta, arriskutsua eta aurreiritzirik gabea, ohiko kanonetatik desegina, joera artistiko hegemonikoetatik kanpo kokatuz. Bere lana erresilientea izan da eta modetatik kanpokoa”.

Artista bi dimentsioko eskulturarekin hasi zen, eta papiroflexiatik pinturan barneratu da, ahots pertsonal eta berritzailea eraikitzeko. Eskulturarekin lehen arrakasta izan zuen arren, pinturara itzuli zen, bi diziplinak berez abstraktuak direla iritzita.

Bere proiektu berrienetan, egungo krisi garaiari erreparatu dio, eta errealitate horretara “ikuspegi kritiko batetik hurbildu da, pinturaren praktika erradikalizatzen ari dela jabetuta”. La Guerra bere argitalpenak Irakeko Kurdistanen egindako egoitzarekin lotzen duen bere lanaren azken bost urteak erakusten ditu.

Epaimahaiaren arabera, bere lanaren ezaugarri nagusiak dira “moldakortasuna eta hainbat eremutan mugitzea, genero, hizkuntza eta teknikei dagokienez”. Bere lanak Bilboko Arte Ederren Museoaren, Artium Museoaren eta San Telmo Museoaren bildumetan daude. Orain, erakusketa bat prestatzen ari da Bartzelonako Konvent kultur elkartean 2024ko udazkenerako.

Josu Bilbao bermeotarrak sorkuntza-lana aitortzeko Gure Artea saria jasoko du. Epaimahaiko kideen ustez, “artisten belaunaldi berri bateko kidea da Bilbao, eta artista horien lanek interes bat partekatzen dute, bizi garen eremua ikuspegi kritiko batetik aztertzekoa”. Bere praktika artistikoa “interbentzio eskultorikoak egiteko erabiltzen dituen materialak eta espazioak behatzetik eta haiekiko elkarrizketatik abiatuta taxutzen da. Bere sorkuntzak etengabeko ikerketa-prozesutzat hartzen ditu”, eta bere lan guztietan agertu izan da “austeritate” kontzeptua. Bilbao Arte Ederretan lizentziatu zen, eta Hizkuntzalaritza eta Euskal Filologiako masterra du egina. Epaimahaiaren arabera, “prestakuntza bikoitza da, eta bi jatorritako materialekiko interesa erakusten du: eskultura eta ahozko tradizioa”. Sari hau lortzeko arrazoien artean, epaimahaiak bere jarrera berezia azpimarratu du, “praktikaren beraren potentzialtasunetik abiatuta jarduteko modu bat aldarrikatzen baitu, hau da, artistena, erakusketa-espazioen erabiltzaile gisa”. Gainera, bere sormen-lanak bakarkako lana gainditzen du, eta garrantzitsua da, epaimahaiaren aburuz, “euskal testuinguru artistikoari egindako ekarpenak aitortzea, artistei beren erakusketa-prozesuetako egoeretan laguntzeko”.

Bilbaoren lana Bilduma Partekatuan dago (Artium, Bilboko Arte Ederren Museoa, Tabakalera). 2023an Arte Plastikoetako Leonardo beka jaso zuen. Orain, bakarkako bi erakusketa prestatzen ari da: Artium Museoan eta Espai 13n, Miro Barcelona Fundazioarena, biak 2025erako.

Amaitzeko, Tractora kooperatiba elkarteak arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko Gure Artea saria jasoko du. Ainara Elgoibar eta Usue Arrieta dira proiektu honen arduradunak.

Tractora 2018an hasi zen lanean, artea ekoizteko eta banatzeko sistemekin esperimentatzeko laborategi gisa, baita hainbat diziplinatako proiektuak bultzatzeko ere. Epaimahaiak sari hau Tractorari ematea erabaki du, “euskal komunitatearen testuinguru artistikoan arte plastiko eta bisualei egindako ekarpen oparoagatik, bere jardueren kalitateagatik eta berezitasunagatik, bere proiektuak beste sektore kultural batzuekin lankidetzan garatzeagatik, euskal sortzaileen jarduera artistikoa zabaltzeagatik eta balioesteagatik, eta horien garapenean eta sustapenean duen garrantzi artistiko-kulturalagatik, abian jarri dituzten hiru programen bidez”. Lehena Kinu da, ikus-entzunezko praktika artistikoari lotua; Barrunbe egoitzen programa bat da, lankidetza-proiektuak sustatzeko; eta Foku erakusketa-programa bat da, testuinguruko artista garrantzitsuen ibilbidean arreta jartzea eta horretarako sarbide informatua ahalbidetzea helburu duena.

Epaimahaikideen arabera, “artisten prozesuak zaintzeko duen konpromisoa, bakoitzak bere berezitasunean behar duen azpiegitura material, ekonomiko, administratibo eta afektiboa eraikiz. Emaitza jauzi kualitatibo bat da artisten ekoizpenetan”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna